Kultur sorkuntza Aiaraldean

Irrintzi sormen laborategiak egingo dituzte Faktorian astelehenetik asteazkenera

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 14a, 15:12

Begirada garaikide batetik, praktika tradizional folkloriko hauei "esanahi berriak" bilatuko dizkiete jardunaldietan. / YouYou Group

Aiaraldeko Kultur Faktoriak eta Bruselako YouYou Group ahots taldeak irrintzi sormen laborategiak antolatu dituzte irailaren 18tik 20ra bitartean. Eskualdeko irrintzilariak eta nazioarteko adituak elkartuko dira lehen lan saio horretan eta beste bat egingo dute urrian. Beste zenbait ekintza ere prestatu dituzte ahots praktika tradizionalari “begirada berri bat” emateko.

Euskal Herrian irrintzia, aturuxo Galizian, Ekialde Ertainean zaghareet edo zagharit, Marokon barwalá eta youyou... Munduan zehar askotarikoak dira ahots-tradizioari lotutako soinu zorrotz, luze eta modulatuak. Batez ere Afrikako eta Ekialde Hurbileko hainbat ahots-teknikatan oinarrituta, praktika artistikoa garatu du Bruselan egoitza duen YouYou Group taldeak. Hainbat adin eta jatorriko 30 emakumek osatzen dute taldea eta lankidetza proiektu bat garatu dute Kultur Faktoriarekin. Biek ahozko ondarea berpiztu nahi dute, "baina testuinguru berri batera aldatuta".

Ahozko ondarea berpiztu nahi du YouYou-Irrintzi ekimenak, testuinguru berri batera ekarrita

Hori horrela, besteak beste, irrintzi sormen laborategiak, Irrintzien Azpitik emanaldi berezia eta mahai-ingurua, komunitatearekin topaketak… antolatuko dituzte elkarrekin. “Begirada garaikide batetik, praktika tradizional folkloriko hauei esanahi berriak bilatuko dizkiete”, Kultur Faktoriaren esanetan.

Irailaren 18an aurkezpena

Elkarlanaren lehen emaitza datorren astean aurkeztuko dute Aiaraldeko Ekintzen Faktorian (Errotari kalea 4 – 8. pabilioia, Laudio, Araba). Astelehenean aurkezpen irekia egingo dute 19:00etan Bruselatik etorritako kideekin batera. YouYou-Irrintzi, ahots praktika tradizionalaren begirada berri bat proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan eta YouYou Groupek ekotzitako film labur dokumentala proiektatuko dute.

Asteartean eta asteazkenean izango dira irrintzilariei zuzendutako sormen laborategien lehen lan saioak, 17:00etatik 20:00etara. Eskualdeko herri gehienetako irrintzilariek hartuko dute parte eta nazioarteko kideekin beren ahots praktikak elkarbanatuko dituzte eta ahots teknikarekin zein irrintziarekin lotutako bizipenetan sakonduko dute.

Bigarren eta hirugarren txanpa

Urrian bigarren laborategi saio bat egingo dute, 11tik 15era, eta bertan ere Bruselatik etorritako kideekin partekatzeko abagunea izango dute eskualdeko irrintzilariek. Lan saioa Aiaraldeko zein Bruselako irrintzilarien ahots-performance batekin bukatuko da, urriaren 15ean egingo duten Irrintzien azpitik emanaldian.

Gainera, azaroaren 2tik 4ra bitartean eskualdeko lau irrintzilari Bruselara joango dira YouYou Group proiektua bertatik bertara ezagutzeko eta, besteak beste, Irrintzien azpitik bertan erakusteko.

Horrez gain, proiektua komunitate osora zabaltzeko, ikasturtean zehar ikus-entzunezkoen proiekzioak, afariak eta emanaldiak antolatzeko asmoa adierazi du Aiaraldeko Kultur Faktoriak. Ekintza horien inguruko informazio gehiago jasotzeko YouYou-Irrintzi ataria bisitatu dezakete interesdunek, Kultur Faktoriako webgunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide