Iraileko azken asteburuan, 29 eta 30ean, Laudiok Euskaraz Bizi jaia ospatuko du. Oraingo honetan, eragile eta toki-erakunde ezberdinek, Udalarekin batera, euskara protagonista bakar eta nagusi duen jarduera-programa diseinatu dute.
"Herritarrek jardueretan parte hartzea eta euskaraz egitea da asmoa, hau da, euskaraz bizi leloari heltzea. Horregatik, ahobizi edo belarriprest rola hartzera gonbidatzen ditugu parte-hartzaileak", adierazi du Nagore Gomara Hizkuntza Politiketako zinegotziak.
Ekitaldiak ostiralean hasiko dira, 17:00etan, Laudioko ikastetxeek antolatutako tailerrekin: Aretako eskolak Altamira plazan egingo ditu tailerrak, Laudio ikastolak Alberto Acero plazan, Latiorro Ikastetxeak Goikogane kaleko parkean, eta Lamuza eskola eta La Milagrosa ikastetxeak Granja plazan. Euskararen aldeko jaiak Herriko Plazan jarraituko du 19:00etan karaokearekin, txokolatadarekin eta buruhandiekin, eta 20:00etan film laburren lehiaketa egingo da, sari banaketarekin.
Eguna 21:00etan amaituko da trikipoteoarekin, Udaletxe plazatik abiatuta. Euskarak Laudioko kaleetan presentzia izaten jarraituko du hurrengo egunean, irailaren 30ean. 12:00etan, Nafarroa taldeak bere kantu-kalejira hasiko du Herriko Plazatik 14:30ak arte. "Euskaraz bizi jaia" herri bazkaria elizako arkupean egingo da ere ordu horretan. Joan nahi dutenek irailaren 25a baino lehen erosi beharko dituzte tiketak https://www.faktoria.eus/ helbidean edo aurrez aurre Aiaraldea Ekintzen Faktorian (Errotari, 4-8 Laudio), 17:00etatik 20:30era astelehenetik ostiralera eta 10:30etik 14:00etara larunbatetan.
Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, dantza plaza izango da eta 21:00etan DJ-a. Bi jarduerak Herriko Plazan egingo dira.
ANTOLATZAILEAK: Basalarrina, Areta, Ikastola, La Milagrosa, Lamuza eta Latiorro ikastetxeetako guraso elkarteak, Aiaraldea, Kirikino, Suziri, Pinpili eta
Sorginlarren elkarteak eta Laudio Udala.