Gaur enpresak ez badu jarrera aldatzen, Laudioko Euskaltel konpainiako dendak -eta Gasteizko beste hiruk- grebara joko dute bihar, irailaren 26an eta 27an.
Gatazkaren muina Arabako sektoreko lan hitzarmenean datza, 2008tik blokeatuta baitago eta ez da berritu. Aintzat hartuta langileen oinarrizko soldata 1.020 euro direla -hau da, gutxieneko soldata baino apur bat gehiago- eta azken urteetako prezio gorakada, langileek exijitzen dute %23ko soldata igoera eta bost urteko atzerapenak. Baita KPIa urtero eguneratzea.
Laudioko beharginen kasuan, Araban egoteagatik, langileek 300 euro gutxiago kobratzen dituzte, hamabost kilometro eskasera dauden lankideekin alderatuta, Bizkaiko langileen soldata hobea baita.
Bermeak
Euskalteleko dendetan lan egiten duten beharginek bilerak izan dituzte jadanik enpresarekin, eta zuzendaritzak proposatu die %16ko soldata igoera eta aparteko bi ordainsari.
Hala ere, langileek ez dute onartu, konpainiak ez baitu lan hitzarmena berritu nahi, baizik eta akordioa sinatu. Hau da, irabazitako eskubideak ez lirateke finkatuko.
Hortaz, oztopo nagusia da akordioa aldatzeko aukera izango lukeela Euskaltelek, eta euren eskubideak errespetatuko direla bermatu nahi dute langileek.
Soldaten moldaketa ez ezik, abuztuko larunbatetan lan egiteko beharra ere ezerezean utzi nahi dute. Izan ere, duela urtebete ezarri zuen konpainiak derrigorrez.