Indarkeria matxistaren aurka Aiaraldea Bor-bor izeneko jardunaldiak antolatu ditu Bor-bor Aiaraldeko Feminismo elkarteak larunbat honetan. Goiz osoko egitaraua antolatu du indarkeria matxistari aurre egiteko eta “ahalduntzeari begirako” tresnak jendarte zabalari eta eragileei aurkezteko.
Jardunaldiak doakoak eta irekiak izango dira, eta umeen gunea zein itzulpengintza zerbitzua eskainiko dira borborelkartea@gmail.com helbidean, hala eskatuz gero.
Ekitaldi guztiak Aiaraldea Ekintzen Faktorian izango dira, irailaren 30ean 10:30etik 14:00etara bitarte, eta Arabako Foru Aldundiak diruz lagundu du egitasmoa.
Solasaldiak, aurkezpenak eta tailerrak
Denetarik egongo da Bor-bor elkarteak larunbat honetarako prestatutako jardunaldietan. Ekitaldiari hasiera emateko, bi solasaldi egongo dira. Lehena, Bor-bor elkarteko kide den Iratxe Letonak eskainiko du: Indarkeria matxistaren aurka, non gaude? goiburupean.
Jarraian, Hiruki Larroxa kooperatibako Ibai Fresnedok hartuko du hitza. “Gizontasun eredu berrien beharraz eta garrantziaz” arituko da Eta gizonek zer? izeneko solasaldian.
Eguerdian Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak indarkeria matxistaren aurkako esku-hartze gida aurkeztuko du eta, segidan, ikastaro batekin ikasitakoa praktikatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Horrekin, kasu eta espazio jakin batzuetan esku-hartzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko gakoak eta erremintak ezagutuko dituzte. Faktoriatik lokatzera jarri diote izena ikastaro praktikoari.
