Leire Sanjurjo eta Iratxe Bilbao dantzarien hiru irudik janzten dute Zumalakarregiko 'bigarren azala'

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 22a, 09:30

Patas de Gansa kolektiboko sortzaileak latsarrien eta antzinako emakume garbitzaileen lana ikertzen ari dira dantza esperimentazioaren bidez. Ekainean egonaldia egin zuten Faktorian eta bertan egindako zenbait iruditatik abiatuta Kulturlab 03 ekimenerako Bigarren Azala sortu dute.

Leire Sanjurjo eta Iratxe Bilbaoren lana Kulturlab ekimenaren Bigarren Azala proiektu artistikoko 15. esku-hartzea da. Bigarren Azalarekin Kultulab artista laudioarren sormen lanen erakusleiho izan da Zumalakarregi etorbidean 2022ko uztailetik eta 2023ko uztailetik Zubiko Malekoian. Helburua, herrian “kultura garaikideak balioetsi, ikusarazi eta ezagutaraztea” da eta arte diziplina guztietara zabalik daude, nahiz eta beti hormaren gaineko irudi estatikoak izan behar diren muralaren oinarri.

Iazko udazkenean Patas de Gansa kolektiboa sortu zuten Leire Sanjurjo laudioarrak eta Iratxe Bilbao mungiarrak. Beren sormen-nahiak “kolektiboki” garatzeko grinak bultzatu zituen horra, dantza “mundua ezagutzeko, ulertzeko eta zalantzan jartzeko” tresna gisa ulertzen baitute.

Larriak Azpian izeneko dantza esperimentazio lanaren bidez, emakumeek egiten zuten lanari balioa eman nahi diete, bai eta latsarriak emakumeen elkargune eta arnasgune izateko betetzen zuten funtzioa aztertu ere. Asmoa dantza garaikidea eta tradizioa uztartuko dituen kaleko pieza bat sortzea da, herrietako plaza, parke eta erreka txokoetara eraman asmoz. Lan zamaren eta zapalkuntzaren inguruan eta kolektiboaren indarraz ikertzen eta hausnartzen ari da dantza bikotea.

Zumalakarregi etorbidean jarritako muralari dagokionez, ekainean Aiaraldea Ekintzen Faktorian egindako interpretazioaren hiru irudi erakusten ditu. Bertan egindako egonaldiaren barruan, publikoari piezaren bertsio bat erakutsi zioten, sormen prozesuaren parte, eta hortik ateratako irudiekin osatu dute orain Laudioko kale nagusia janzten duen horma-azala. Irailaren 5ean jarri zuten Larrian Azpian lana Zumalakarregi etorbidean eta hilaren amaiera bitarte ikus daiteke bertan.

Larriak azpian - esperimentazio fasea - from Patas de Gansa on Vimeo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide