25 urte bete du Euskaltegiak, ospatzeko asmoa duzue?
Asier Amondo: Zerbait egiteko asmoa badaukagu. Gabonak bitartean ekitalditxo bat eta gero udaberri amaieran edo udan zerbait ere. Tartean Korrika badaukagunez, zertzelada ugari falta dira. Saiatuko gara dena lotzen; urteurrena eta Korrika.
Bego Macias: Bai, ospatu baino, oroitaraziko dugu.
Nola mamitu zen egungo Euskaltegiko proiektua?
A. A.: Gu Ruperto Urkijo kaletik gentozen. 1992/1993 ikasturtean han ireki genuen Euskaltegia, Udalak AEK bota zuelako. Lehen udal euskaltegia eta AEK elkarrekin zeuden. Horren ondorioz, Ruperto Urkijo kalean ireki genuen, baina bost urteren ondoren txiki geratzen ari zitzaigun.
Beste lokal baten bila hasi ginen eta hau topatu genuen. Ecocentro denda zen bere garaian eta AEKk erdia erosi zuen. 1998an zabaldu zen eta urte horretan uztailean ikastaro trinkoak hemen eskaini genituen.
Euskara eskolak emateaz gain, Berbalagun ekimena sustatu dugu, normalkuntza planak ere osatu ditugu, Korrika bi urterik behin antolatzen dugu… Euskararen aro guztietan gure aztarna utzi nahi dugu, Laudioko gure eragingunean, behintzat.
Zenbat ikasle uste duzue igaro direla hemendik?
B. M.: Hasieran jende pilo izan genuen. Ehundik gora.
A. A.: Hasieran 200 inguru. Nik esango nuke 3.000 eta 4.000 ikasle izan ditugula 25 urtetan.
Zein da lokal honek AEKri eta herriari egin dien ekarpena?
A. A.: Euskaltegiko ateak irekita egon dira beti euskalgintzak edozein bilera edo ekimen egin nahi izan duenean. Eskatzen genuen baldintza bakarra zen euskaraz aritzea. Bertso Eskola ere hemen egon zen hasieran. Basalarrina ere hamaika aldiz bildu da, Euskaraldia ere elkartu da…
B. M.: Dantza taldeak ere asteburuetan egon dira hemen entseguak egiten. Ateak beti daude irekirik. Herrigunean dago eta kokapena ez da txarra. Aurreko lokala baino handiagoa da eta hasierako ikasle kopuruarekin aurreko egoitza txiki geratzen zen, zorionez. Euskalduntze eztanda hori apur bat jaitsi da, baina lekua egokiagoa da.
A. A.: Hemendik jende ugari atera da euskaraz mintzatzen eta egun euskaraz bizi da. Batzuk gure irakasle bilakatu dira. Ibilbide bat daukagu eta guk euskaldun aktiboak nahi ditugu, euskaraz arituko direnak. Batzuekin ez dugu lortu, baina beste batzuekin bai. Hala ere, kalean, familiarekin edo lagunekin euskaraz egitea norberaren hautua da.
Nola eraldatu da AEK bera 25 urtetan?
B. M.: Berez, metodologia ez dugu asko aldatu. Mintzapraktikan oinarritzen gara neurri handi batean, euskalduntzea lortzeko. Gainera, ikasleen tipologia ere aldatu da, tituluen beharragatik.
A. A.: Metodologian aldaketa ez da handia izan, baina bai baliabideetan. Irakasleek zein ikasleek duela 25 urte pentsaezinak ziren bitartekoak dituzte. Autoikaskuntza tresnak, pantaila bereziak, ordenagailuak… Horrek errazten du ikaskuntza prozesua. Ikasketak presentzialak direnean, gu saiatzen gara komunikazio gaitasunak garatzen. Badago jendea titulua behar duena, baina gure apustua da hemendik euskaldunak ateratzea, ez horrenbeste tituludunak.
B. M.: Autoikaskuntzak asko egin du aurrera, Euskaltegira etorri ezin delako jendea dagoelako lana eta familia direla-eta. Hori oso positiboa da euskalduntzearen helburuan.
Zein da Berbots Euskaltegiaren erronka?
A. A.: Tamalez, uste dut gauzak ez direla asko aldatu eta erronka bera dela. Laudion badago jende asko euskaraz ez dakiena eta euskaraz bizi ez dena. Erronka bertsua da, jendea euskaraz mintzatzea, euskarara hurbiltzea…
AEKren azken helburua desagertzea da, behin Euskal Herria euslkaldunduta, baina momentuz ez dirudi hori berehala izango denik. Zentzu horretan, gure xedea da jendeak euskaraz egitea, euskaldun aktiboak izatea eta leku guztietan euskaraz mintzatzeko aukera izatea, denda batean, kiroldegian, bankuan…
B. M.: Bide horretan erakundeen babesa handitu behar da. Guk doakotasunaren aldeko apustua egiten dugu, baina babesa behar da. Gure prezioak garestiagoak dira, eta jende guztiak ezin du ordaindu. Udal beken sistema dago, baina ea aldatzerik dagoen.
A. A.: Aldarrikatzen duguna da nork bere hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar ez izatea. Euskara ikastea doakoa izatea. Horretarako erakundeen ardura badago, doakoa izan dadin euskara ikastea. Horretarako findu eta egikaritu behar da politika.
Zein da 25 urte hauek utzi dizkizueten une gozoak?
B. M.: Hemendik jende pilo igaro da eta oso polita da kaletik topatzea euskaraz hitz egiten, eta ikustea familia ere euskaldundu dutela. Baita Korrikak berak Laudion duen arrakasta eta harrera. Sortzen dituen lana eta buruko minak ahazten zaizkigu Laudiotik pasatzen denean jendearen parte hartzea ikusita. Hori da onenetarikoa. Baina, gehienbat, ikasleak, euskaraz bizi direnak.
A. A.: Eta 25 urte hauetan egin ditugun lagunak. Batzuk ikasle izatetik lagunak izatera igaro dira. Irakasleekin ere harremana oso ona izan da, batzuk lankide baino gehiago bihurtu dira eta hori hurbiltasunak ematen du, egunero lan egiteak.
B. M.: Bigarren familia sortu dugu.