FIDEL ALONSO

"Han nengoenean oraindik ez nuen sinesten, galtzera ohituta bainago"

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 25a, 23:36

Fidel Alonso artzaina eta Lis txakurra, txapela jantzi berritan. / Goiena.eus

Oñatiko 63. Nazioarteko Ardi Txakur txapelketa ospatu zuten atzo eta Fidel Alonso aretarra eta bere Lis txakur gaztea gailendu ziren hamairu parte-hartzaileren artean. 

Lehenik eta behin, zorionak Fidel eta Lis!

Eskerrik asko!

Zer moduz joan zen atzoko txapelketa?

Banekien Oñatira herrialde bakoitzeko txakurrik onenak joaten direla. Lehiatzerakoan denak du eragina: zorteak, zozketak, nerbioek ez zaitzatela menderatu... Batzuetan argi dugu irabazteko baldintzak ditugula, baina edozer gauza garesti ordaintzen da: ardi baten mugimendu txar bat, pixka bat atzeratuta egindako agindu bat, edozein akats.... Zentzu horretan ondo joan zitzaigun eta zortea izan genuen.

Espero zenuen irabaztea edo maila oso altua zela iruditzen zitzaizun?

Maila altua zen. Batez ere border collie txakurren aurka lehiatzea latza da, ondo merezitako cachea dutelako. Oso ondo eta oso azkar ibiltzen dira, baina Oñatiko ardiek aldea handia markatzen dute. Nik badakit gure txakur gorriek abere bolumen hori mugitzeko baldintzak dituztela; izan ere, ardi horiek aurre egiten diete txakurrei, eta nik txakur on bat nuen. Nire txakurrak urtebete eta zortzi hilabete ditu. Ni artzaina naiz eta egunero ibiltzen naiz nire ardiekin. Nire txakurra ikusi dut egoera zailetan aritzen eta ganadua estu mugitzen, ez du ia hozka egiten eta ondo egiten du zaunka ardiak mugitzeko. Zentzu horretan, iruditzen zitzaidan egun horretarako besteek baino baldintza hobeak zituela.

Ganadu bolumen txikiagoarekin, border colliek aukera gehiago izango lituzkete?

Bai, asko mugitzen diren ardi gutxiagorekin egiten dutelako lan. Txakur horiek ikusmenarekin egiten dute lan eta oso azkar mugitzen dira, beti ari dira mugitzen diren ardiekin, eta asko kontrolatzen dute. Atzo, beroaren eraginez, ardiak oso geldirik zeuden eta ez zioten jaramonik egiten txakurrari, so geratzen ziren. Txakurra ez bazen nagusitzen, ez ziren mugitzen. Beste baldintza batzuetan, desberdina zatekeen. Adibidez, iazko txapelduna azkenetakoa izan zen atzo, ez zelako gai izan ardiak lekuz mugitzeko. Ardiek aurre egiten zioten, txakurrak ezin zituen mugitu eta artzainak ez zituen ariketa egokiak aurkitu, eta hori hainbati gertatu zitzaien.

Txapelketa zaila izan zen?

Bai, oso gogorra. Ardiek nabarmen markatu zuten aldea. Ibilbideari dagokionez, Euskal Herrian egin ohi ditugun probak beti dira berdinak, baina ardiak desberdinak dira, eta kasu honetan Oñatin asko markatu zuten aldea.

Zure aurkariak ez ziren Euskal Herrikoak bakarrik, ezta? Beste herrialde batzuetatik ere joan ziren.

Bai, Behe Nafarroatik, Mallorcatik, Castello eremutik, Tarragonatik... etorri ziren. Zazpi border collie eta bertako sei txakur egon ziren.

Ezagutzen zenituen beste artzainak?

Denak ezagutzen nituen, gu ere lehiaketetara gonbidatzen gintuztelako, eta ni urtero joaten naiz Kataluniako Pirinioetako herri batera. Kataluniarrek liga bat egiten dute, lehiaketa egiten duten herri guztietan puntuak pilatzen dituzte. Ez da hemen bezala, finala egiten dugu eta egun horretan irabazten duenak txapela eskuratzen du. Han txapelketa guztietan denek hartzen dute parte eta denek ezagutzen dute elkar. Probek ere askoz gehiago irauten dute, hiru lau ordu, hamabost bat txakur joaten baitira.

Baten bat aurkari zuzen gisa identifikatuta zenuen?

Border collieak. Iaz collie batek irabazi zuen, aurreko urtean ez, eta azken aldian Nafarroatik ere etortzen ziren border collie batzuk oso ondo lan egiten dutenak. Egia da guk ere baditugula gure txakurrak eta ondo lan egiten dutela.

Zure txakurrak urtebete eta zortzi hilabete dituela esan duzu. Ohikoa da hain txakur gazteak maila honetan lehiatzea?

Aurten, abuztuan, inoiz lehiatu ez diren txakurrentzako proba batera eraman nuen. Etxean egunero ibiltzen naiz ardiekin eta ondo egiten du lana, baina ez da gauza bera etxean aritzea edo proba batean, jendearekin, zaratarekin, estimulu askorekin, bereak ez diren ardiekin... Egunerokoan ikusten dut txakurra ez dela jendearekin beldurtzen, ondo jokatzen duela, eta hala erakutsi du lehiaketetan ere: Araban lehenengo geratu nintzen berarekin, Euskal Herrian hirugarren geratu ginen, eta honetan zortea izan dugu eta irabazi egin dugu.

Ezustean harrapatu zaitu garaipenak?

2007an joan nintzen lehen aldiz Oñatira txakurrarekin, eta puntu batengatik galdu nuen; arantza sartuta neukan. Txakur guztiak onak dira eta faktore askok eragiten dute. Ia azkenetakoak atera ginen, besteek zer egin zuten jakinda eta presio handiagoarekin, baina txakur on bat nuela jakinda. Zortea izan nuen nire alde eta hori ere eduki behar da.

Hau izan da Oñatin irabazi duzun lehen aldia?

Bai, gainera txakur eme batekin. Inoiz ez nuen irabazi eme batekin, irabazi ditudan txapelketa guztiak edo podiuma zapaldu dudanetan ar batekin izan dira, honen aitonarekin edo osaba-izebekin. Araban hainbat aldiz irabazi dut, Oñatin hiru aldiz izan naiz bigarren eta birritan hirugarren, baina beti izan da arrekin. Niretzat pozgarria izan da eme batekin lortzea Oñatiko txapela.

Nolakoa izan da arantza kentzea?

Han nengoenean oraindik ez nuen sinesten, galtzera ohituta bainago. Galdu izan ditut txapelketak hamar segundogatik, puntu bategatik... Nire izena esan zutenean oso lasai geratu nintzen. Gainera, nire kuadrillako jendea etorri zen eta oso pozik egon ginen denok.

Mugarri honen ondoren, helbururen bat markatzen duzu?

Niretzat Oñatiko txapela lortzea da irabaz daitekeen gauzarik handiena, nazioarteko txapelketa baita. Gu Arate Arabako artzain-txakurren elkartean gaude, eta jendeari txakurrekin lan egiteko modu hau erakusten saiatzen gara eta egiten duguna ondo egin nahi dugu. Artzaintza kalera eramaten dugu jendeak ikus dezan tradizio horri eutsi behar zaiola. Ezin da askoz gehiago egin, egiten duguna ondo egin, animaliekin kontaktu ona izan, txakurrak ondo portatu daitezela eta jendea pozik geratu dadila.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide