Lan hitzarmenaren negoziazioan murgilduta, greba egunak deitu zituen ELA sindikatuak irailaren 26an eta 27an Euskaltelek Araban dituen lau saltokietan, tartean Laudioko Zumalakarregi etorbideko establezimenduan. Denda hauek guztiak Xentai Customer Services enpresak kudeatzen ditu.
Bi aldeek akordioa erdietsi zuten greba egunen aurretik, eta, horrenbestez, bertan behera utzi dituzte iragarritako mobilizazioak. ELA sindikatuak azaldu duenez, akordio berriaren arabera langileek %24ko soldata igoera jasoko dute hasieran eta hurrengo lau urteetarako KPIaren erreferentziarekin egingo dira igoerak.
Sindikatuak ohar bidez zabaldutako informazioaren arabera, 2008tik zeuden izoztuta Euskalteleko beharginen soldatak, eta aho batez berretsitako akordioari esker "langileen lan baldintzak hobetuko direla" azpimarratu du.
Hauek dira ELA sindikatuak zabaldutako akordioaren edukiak:
- 2023. urtea: %24ko soldata igoera 2023ko irailaren 1etik aurrera.
- Ia 4000 €-ko ordainsari ez finkagarria langile bakoitzari.
- 2024-2028: KPIari lotutako soldata igoerak.
- Ultraaktibitatearen klausula.
- Funtsezko aldaketen aurrean blindatzea.
- Abuztuko larunbatetako lana erregularizatzea.