Kultur sorkuntza Aiaraldean

Bizitza bat, ez tragedia hutsa

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 3a, 07:00

Iñigo Martinezek kutsu autobiografikoa duen eleberria argitaratu berri du. / Aiaraldea.eus

Iñigo Martinez Sagastizabalek Una quimera de vida liburua argitaratu du. Kutsu autobiografiko handiko eleberriak osteogenesis inperfektua duen nerabe baten bizipenak azaltzen ditu, epika zein dramatismotik ihes eginda.

Ekainean argitaratu zuen Iñigo Martinez Sagastizabalek Una quimera de vida eleberria. Nobela izanda ere, eta bere protagonista Bruno izeneko nerabea, Iñigok berak bizitako esperientziekin josita dago liburua: “Bruno fikziozko pertsonaia da, nire patologia bera duen mutila. Egia esanda, asko oinarritzen da nire bizipenetan. Batzuk asmatu egin ditut, beste batzuk txikitu... Ez nuen autobiografia bat idatzi nahi, nire burua babesteko eta ingurukoak ere”.

Zehazki, kontakizunaren ardatza da Brunok biziko duen iraultza aulki gurpilduna agertzen denean bere bizitzan. “Bat-batean, aurreiritzi asko dituen tresna bat lortzen du, gurpil-aulkia. Berak, hasieran, gaixotasunarekin edo zahartzaroarekin erlazionatzeagatik, baztertu egiten du. Baina gero bertan esertzen da eta mundu oso bat irekitzen zaio, tresna ortopediko batzuek jendea hegan eginarazten dutelako eta protagonista librea delako. Ezin ibiltzeak ez du esan nahi ezin denik bizi”, nabarmendu du egileak.

Hain zuzen, bizitzea da eleberriaren muina. Aniztasun funtzionala duen gizaki baten bizitza. Iñigo Martinez Sagastizabalen aburuz, Bruno ez da ez heroia, ez gizagaixoa, bizi nahi duen pertsona soilik. Modu horretan, idazleak aldarrikatu nahi du aulki gurpildunean egoteak ez duela esan nahi tragedia baten erdian bizitzea. “Zailtasunak daude, baina une dibertigarriak eta politak ere”, argitu du.

Horrela, idazlearen hautua izan da bere patologiari eta aniztasun funtzionalari buruz naturaltasunez hitz egitea: “Ez daude idatzizko erreferentzia asko nire gaitzari buruz, medikuntza literatura kenduta”, gaineratu du.

Oztopoak oztopo eta arazoak arazo, Una quimera de vida-ren motorra Brunoren askatasuna da.  Behin aulki gurpilduna eskuratuta, bere etxetik harago hasiko da esploratzen, eta ez bakarrik zentzu geografikoan, gehienbat, emozioen eta sentimenduen aurkikuntzek astinduko dute: bere kontraesanak, maitasuna, lehen kontzertua, lehen jaiak, adiskidetasuna…

Apurka-apurka, munduari buruz gehiago jakingo du protagonistak, gizartean kokatzen eta bere buruari aurre egiten, baita barruan dituen aurreiritziei ere. Pasarte horietan guztietan ez dira faltako une umoretsuak edota ezusteak, adibidez, Brunok La Polla Recordsen kontzertuan izandako estualdia.

Urte bakarrean gertatuko da dena, eta bizipen berriekin batera, flashbackak agertuko dira han-hemenka, kontakizunari sakontasun gehiago emateko eta gaztearen ibilbidea deskribatzeko: haurtzaroa, ospitaleak, eskola... 

Liburu erraza eta azkarra

Testuaren bertuteen artean egileak aipatu du modu errazean eta dinamikoan idatzi duela: “Irakurle askok esan didate egun gutxitan amaitu dutela. Egia da Laudiok pisua duela eta jende batek esan didala pasarte batzuk oso errealak direla, baina ez diot gehiegi erreparatu xehetasunez deskribatzeari”.

Etorkizunean eleberri gehiago argitaratzea ez du baztertzen Iñigo Martinez Sagastizabalek eta dagoeneko beste istorio bat dauka buruan. “Ez dakit Bruno edo beste pertsonaia bat izango den protagonista, baina gustatuko litzaidake gai politikoagoak jorratzea, sexualitatea, dantza, artea... Duela zortzi urtetik hona Bartzelonan bizi izan dudan guztia, emozio piloa. Dibertsitate funtzionalean sakontzen jarraitu nahi dut, oztopo askori aurre egiten dien errealitatea baita, baina baita une zoragarriei ere”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide