48 urte igaro ziren atzo Espainiako erregimen Frankistak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituenetik. Efemeridea oroitzeko, ekitaldi politikoa egin zuen Sortuk Laudioko Lamuza parkean.
"Euskal Herriaren alde ekarpen maila ezberdina eginez borroka egin duten herrikide guztiak", ekarri nahi izan zituzten gogora atzoko ekitaldi solemnean; eta, halaber, "Euskal Herriarekiko konpromisoan" berretsi.
Horretarako, "herri bezala" jokatzeko beharra aldarrikatu zuen alderdi independentistak: "Herri bezala jokatu behar da Espainiako eta Frantziako Estatuen aurrean. Izan ere, indar independentista eta subiranisten eraginez aukera historikoa sortzen ari da nazioen auziaren eta lurralde ereduaren gaineko eztabaida irekitzeko bi estatuotan. Burujabetza tresnak berreskuratzeko, nazio aitortzan urratsak egiteko eta, oro har, Euskal Herria kateaturik duten giltzarrapo juridiko eta politikoak askatzen hasteko. Oinak lurrean, baina anbiziorik handienarekin ekin behar zaio aukera horri, ahalik eta urrunen joateko."
Argazkiak: Samu Pasandin Sanchez