Eskola arrakastaren programarako boluntarioak behar ditu Laudioko Gurutze Gorriak

Jone Gartzia Gerra 2023ko urr. 2a, 07:00

Laudioko Gurutze Gorriaren egoitzan izango dira barneko ekintzak.

Astean behin proiektuko haurrekin arratsalde bat igarotzen dute boluntarioek. Konpromisoa, euskaraz jakitea eta ondo pasatzeko eta ikasteko gogoa izatea dira parte-hartzeko baldintza bakarrak.

Zailtasun sozialak dituzten haurren bizi kalitatea hobetzean datza eskola arrakastaren proiektua. Horretarako, eskola-gaitasunak lantzeaz gain, garapen sozialerako eta osasunerako baliagarriak diren ezagutza teoriko eta praktikoak eskuratzen dituzte.

Boluntarioak astelehenetik ostegunera txandakatuko dira 17:00etatik 19:00etarako tartean, aisialdiko ekintzak egiteko Lehen Hezkuntzako haurrekin. Eskolako kontuekin ere laguntzen dituzte, baina, Gurutze Gorriaren arabera, babes emozionalerako pertsona erreferenteak bilakatzea da garrantzitsuena.

Urtean zehar, gainera, hainbat ikastaro egingo dituzte zenbait gai lantzeko, hala nola indarkeria matxista, aniztasun kulturala, eskola jazarpena... eta irteerak ere egiten dituzte.

Boluntario gisa parte hartu nahi dutenek llodio@cruzroja.es helbidera idatzi edo 946 72 64 58 telefono zenbakira deitu beharko dute. Antolatzaileek adinez nagusiak diren pertsonak izatea hobesten dute, nahiz eta 16 urtetik gorakoek monitoretza ikasketen barruan sar dezaketen boluntariotza.

Programa aurtengo urri erdialdean hasiko da eta datorren ekainean amaitu, eta barneko ekintzak Laudioko Gurutze Gorriaren egoitzan izango dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide