Komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, Laudioko EAJk aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzeko eskatu die Udal Gobernua osatzen duten EH Bildu eta Omnia taldeei. Ander Añibarro bozeramaile jeltzaleak "harrigarritzat" jo du gaiaren inguruko berririk ez izatea, eta EAJk azken legealdian abian jarritako tresnaren baliagarritasuna aldarrikatu du: "Aurrekontu parte-hartzaileak tresna baliotsuak dira, aurreko alkatetzak, EAJ-PNVren siglapean, aurreko legegintzaldian martxan jarri zituenak, eta oso eraginkorra izan zen herritarren beharrak zuzenean entzuteko eta herriaren garapenerako funtsezko proiektuak martxan jartzeko".
2023an aurrekontu parte-hartzaileei esker 350.000 euroko inbertsioak egin zirela azpimarratu du Añibarrok. Lamuza parkeko skateparkaren berritzea, Lamuza parkeko kirol kantxaren eraikuntza edota Irisgarritasun Planaren osaketa zerrendatu ditu bozeramaile jeltzaleak partaidetza sistemaren fruitu gisa.
Halaber, Laudioko Udala "geldirik dagoela" kritikatu dute alderdi jeltzaletik: "Oso deigarria egiten zaigu aurrekontu parte-hartzaileekin gertatzen ari den egoera hau. Izan ere, EH-Bilduri eta Omniari ahoa betetzen zaie beti gobernu irekiaz eta parte-hartzaileaz hitz eginez, eta parte-hartzeari ematen dioten garrantzia. Zer dago udalerrian parte-hartzaileagoa herritarrek beren botoekin udalerriaren ongizatearekin aurrera egiteko beharrezkoak diren hobekuntzak erabakitzeko erabiltzen dituzten aurrekontuak baino?".
EAJk gogorarazi du aurrekontu parte-hartzaileak azken legealdian onartutako Herritarren Partaidetzarako Araudian sartu zituztela, "urtero, herritarrek bultzatutako proiektuetara udal-aurrekontuaren kopuru bat bideratuko dela ziurtatzeko".