Kultur sorkuntza Aiaraldean

Lau sari berri eskuratu ditu Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas' filmak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 3a, 12:00

'20.000 especies de abejas' filmeko lantaldea Zinemaldian. / Gari Garaialde

Sariak pilatzen jarraitzen du Esti Urresolaren lehenengo film luzeak, 20.000 especies de abejas. Zinemaldian ez ezik, nazioarteko beste bi zinema jaialditan ere jaso ditu aitortzak azken hilabetean.

Donostia Zinemaldiaren 71. ediziotik bi sari berrirekin itzuli da Esti Urresola, eta 20.000 especies de abejas filmak aitortzak pilatzen jarraitzen du. Donostiako jaialdiko Zinemira saila inauguratu zuen Urresolaren lehen lan luzeak iragan irailaren 22an, eta Sebastiane Saria jaso du bertan.

Sebastiane Sariak Zinemaldia iraun bitartean LGTBI+ komunitatearen balio eta errealitatea hobekien islatzen duen filmari eskainitako aitortza da. GEHITU elkarteko kideek eta Arantxa Echevarria eta Jose Mari Goenaga zinemagileek osatu dute epaimahaia, eta Urresolaren zinta aukeratu dute, "trans haurtzaroek eta haien familiek egiten duten trantsizioa argi eta garbi erakusten duelako, gu guztiontzat enpatiazko erreferenteak eta loturak sortuz".

Bigarren sari bat ere ekarri du besapean Urresolak Donostiatik. EITB Saria: Egile Berriak aitortza jaso du zinemagile laudioarrak, 20.000 especies de abejas filmak nazioarteko zinema-jaialdietan izan duen proiekzioagatik.

Nazioarteko aitortza gehiago

Euskal Herritik kanpo, bi sari gehiago eskuratu ditu Urresolaren lanak azken astean. Helsinkiko Nazioarteko Zinemaldiaren 36. edizioko publikoaren saria jaso du; eta baita Seulgo Haur Zinemaldiaren 11. edizioko film luzeen nazioarteko saileko sari nagusia ere.

Epe laburrean beste bi nominazio jaso ditu 20.000 especies de abejas-ek. Alde batetik Europako Ikusleen Zinemaren 2024ko LUX Saria jasotzeko aukerak ditu; "Europako Parlamentuak bultzatutako saria, Europako balioen unibertsaltasuna, Europako kulturaren aniztasuna edo Europar Batasunaren eraikitze-prozesuari buruzko gaiak erakusten dituzten filmak aintzatesteko". 

Bestetik Europako Zinema Akademiaren sarietan ere hautatua izan da, beste18 lanen artean.

"Zinema independentearen fenomeno berria"

Urresolaren 20.000 especies de abejas "zinema independentearen fenomeno berria" bilakatu dela nabarmendu du filmaren ekoiztetxeak. Estreinalditik 150.000 ikusle izan ditu Espainiako Estatuko zinema aretoetan, eta beste 28 herrialdeetan proiektatua izan da. Orain plataforma digital desberdinetan ere ikus daiteke.

Berlingo zinema jaialdian hasi zuen nazioarteko aitortzen segida, Sofia Otero gazteak interpretazio onenaren zilarrezko hartza irabazi zuenean. Ordutik jaialdi askotatik igaro da sarien zerrenda handituz. Berriki, Espainiako Estatua Oscar Sarietan ordezkatzeko atarian geratu da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide