Latiorroko Jaietan grabatu zuten Zopilotes Txirriaosen abeslariaren Julian Iantziri buruzko bideoa

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 4a, 10:20

Hainbat aldiz jo du Zopilotes Txirriaos taldeak Aiaraldean. Irudia, Orozkon aurtengo jaietan eskainitako emanaldia. / Aiaraldea.eus

Zopilotes Txirriaos taldeko abeslariak Julian Iantzi aurkezlea kritikatzen eta iraintzen zuen bideoa Latiorroko Jaietan grabatu zuen norbaitek, eta sare sozialetan agertu ondoren, Iantzik iragarri du epaitegira joko duela.

Pasa den astean X sare sozialean (lehen Twitter izenekoa) partekatutako bideoak polemika piztu zuen. Klip horretan 'Konejo' Zopilotes Txirriaos taldeko abeslariak gogor kritikatzen eta iraintzen zuen Julian Iantzi kontzertu batean, beste abesti bat jo baino lehen.

 

Bere hitzartzean, abeslari nafarrak "arratoi" deitu zion Iantziri eta, besteak beste, adierazi zuen Egin egunkariaren kontrako kanpainan parte hartu zuela, EGIko kide gisa -erakundea propio aipatu gabe-, Auzitegi Nazionalak hedabidea itxi baino lehen. Zehazki, EGIk egunkariaren kontrako kanpaina egin zuen 1991n eta Iantzi bera agertu zen prentsaurreko batean horren harira.

Zazpi urte geroago, Baltasar Garzon epaileak Egin ixteko agindua eman zuen. Konejok aipatu zuen itxierak atxiloketak eta espetxealdiak ekarri zituela, Pablo Gorostiagarena, besteak beste.

"Jendeila hau soberan dago" eta "lur azpian egon behar litzateke" esanda, kontzertuarekin jarritu zuen abeslariak eta publikoak ere ez zion aparteko garrantzirik eman hitzartzeari.

Latiorroko Jaietan grabatu zen bideoa

Berez, hautsak harrotu dituen bideoa Latiorroko Jaietan grabatu zuten eta pasadizoak ez zuen oihartzun berezirik izan herrian bertan, baina sare sozialetan zabaldu ondoren, zeresan handia eman du.

Besteak beste, Itxaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak gertakaria salatu zuen eta "fanatismotzat" jo zuen.

Epaitegian amaituko du auziak

Edonola ere, hitzartzeak anekdota hutsaren egoera gainditu du eta bideoa hamaika hedabidetan agertu eta gero (bereziki eskuin politikoari lotuta daudenetan), Julian Iantziren erantzuna izan du.

Aurkezleak iragarri du sare sozialen bidez salaketa jarriko duela epaitegian eta bere kontrako mehatxu gisa hartu ditu abeslariaren hitzak.

Jarraitzaile batek argitaratua

Sare sozialetako hainbat erabiltzailek azpimarratu dute abeslariaren hitzartzeak berriro piztu duela adierazpen askatasunaren mugen beharra dagoen edo ez, baina nabarmentzekoa da polemikaren iturburua, berez, ez dela izan Zopilotes Txirriaosen abeslariaren jarrera salatu duen inor, bere jarraitzaile bat baizik. Hain zuzen, @GZhiritarra profilak zabaldu zuen bideoa Konejoren jarrera goraipatuta. Laudorioak, ordea, arazoak ekarri dizkio abeslariari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide