‘Munduko emakumeak* eta janak Aiaraldean’ egitasmoari jarraipena emango dio ‘Munduko Kulturak Aiaraldean’ topaketak. Iaz antolatu zuen lehenbizikoz ekimen hori Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak, kultura ezberdinetako Aiaraldeko bizilagunak harremantzeko helburuarekin. Lehen edizioa Amurrioko San Anton plazan burutu zen azaroan, eta aurten ekintza errepikatuko du Bor-borrek Laudion. Laudioko kasinoan eta parkean egingo dira ekintzak, eta aurreratu dutenez, adin ororentzako jarduerak prestatuko dituzte.
Batetik, goiz osoan zehar ‘munduko jolasak’ egongo dira (12:30-14:00) parkean bertan. Bestetik, 12:30ean abiatuko da ‘Por qué y cómo nos podemos empoderar las mujeres migradas?’’ solasaldia Merlin Medinarekin, eta 13:30ean aurkeztuko dute Amurrio eta Laudioko EPA zentroekin elkarlanean etorriberriek sortutako ‘Bizi hiztegi soziala’. Horren ostean, bazkalorduan (14:00) ‘Kulturen sutondoan’ tailerraren bidez, kulturarteko janak dastatuko dituzte kideek.
Horretarako, topaketara datorren pertsona bakoitzak partekatzeko taper edo jaki bat eramango du, gehienez 4 lagunentzat. Bazkalostean munduko irrintziak aurkeztuko dituzte “You, you you” proiektuko kideek, eta 16:30etik aurrera, ‘Munduko Kulturak Aiaraldean’ tertulia egingo da. Hala, 18:00etarako aurreikusi dute amaitzea topaketa antolatzaileek.
Izen-ematea irekia eta doakoa da, eta itzulpengintza zerbitzua eskainiko da goizeko jardueretan zehar hizkuntza komunikaziorako oztopoa izan ez dadin. Egitasmoa Arabako Foru Aldundiak diruz lagundutakoa da.