Hirugarren sariarekin itzuli da etxera Ruben Ladron de Gebara Errioxako Haro herrian eginiko Drone Future nazioarteko kongresutik. “Espainia mailan dronen inguruan egiten den kongresurik arrakastatsuena da” topaketa hori, sortzaile laudioarrak azaldu duenez, “bertan, hiru egunez, dron munduko zaleak eta profesionalak elkartzen dira, momentuko nobedadeak aurkeztuz”.
Filmación aerea izeneko lehiaketa da topaketan egiten den jardueretako bat, eta hor lortu du aitortza Aiaraldeko drone gidariak, Moments izeneko 2 minutu eskaseko bideoarekin:
60 lan baino gehiago aurkeztu dira norgehiagokara, Ladron de Gebarak nabarmendu duenez.
Jardueraz betetako hiru egun
Saria jasotzeaz gain, asko ikasteko aukera izan du Aiaraldeko bideogileak asteburuko kongresuan. “Lehenengo egunean dronei buruzko albiste eta berrikuntzak aurkezten dira, ponentziak garatzen dira, eta hainbat sektoreko profesionalek eta gaur egungo dron pilotu eta YouTuber famatuenek parte hartzen dute”, azaldu dio laudioarrak Aiaraldea Komunikabideari.
Bigarren eguna praktikoagoa izan da. Lursail batzuetara jo zuten, erakustaldi eta lehiaketa ugari garatzeko, “pilotu amateur zein profesionalekin”.
Gauean, aldiz, dronen ikuskizunez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Horien artean, ‘drone erlauntza’ izenekoa izan du Ladron de Gebarak gogokoen. “Emankizun horretan 120 dron aritzen dira elkarrekin, gaueko iluntasunean kolore eta forma ezberdinetako figurak irudikatuz zeru beltzean”.
Hirugarren egunean, aldiz, dronekin egin daitezkeen hamaika lanen adibide praktikoak izan zituzten aztergai, Errioxako hainbat herritan sakabanatuta.
Ladron de Gebarak duela zenbait urte ekin zion drone gidaritzaren munduan buru-belarri sartzeari, zaletu gisa. Ikus-entzunezko pieza ugari ekoiztu ditu ordutik hona, bakarka edota eskualdeko beste sortzaile batzuekin elkarlanean:
Bere YouTube kanalean ikus daitezke lan guztiak.