Next Generation Funtsen dirua itzuli beharraren ardura udal gobernu taldeari leporatu dio EAJk

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 11a, 10:30

EAJko kideak aurreko legealdian, proiektua aurkeztu zutenean. / Aiaraldea.eus

"Egungo Gobernu taldea Udalean sartu bezain laster proiektua lantzen hasi izan balitz, oso ondo atera zitekeen aurrera. Hau da, obren lizitazioa uztailean eginda eta obrak aurtengo irailean edo urrian hasita" adierazi du Ander Añibarrok.

Laudioko EAJk prentsa oharra plazaratu du egungo udal gobernu taldeari egozteko 1.800.000 euroko Next Generation funtsen dirulaguntzaren itzulketa. Izan ere, jeltzaleek defendatu dute Abasto plazako proiektua ondo bideratuta utzi zutela eta EH Bilduren eta Omniaren utzikeriaren ondorioa izan dela funts europarrak itzuli beharra.

Halaber, EAJk nabarmendu du Europak emandako dirulaguntza osoa bueltatu beharko dutela, eta ez bakarrik plazako birgaitzeari dagokiona: "%90 hornidura-merkatua birgaitzeko obretarako da, eta gainerakoa merkataritza-proiektuetarako, 30 txiki inguru; horietako batzuk esleituta daude, baita martxan ere. Ondorioz, Udalak dirulaguntza osoa itzuli behar du 40.000 euro inguruko interesekin, Europako funtsetatik jasotako zenbateko guztia itzuli behar baita (1.800.000 euro), eta ez birgaitze-obrari dagokiona bakarrik".

Bere kudeaketa defendatzeko, EAJk adierazi du aurreko agintaldian obren proiektuaren berrikuspena kontratatu zuela maiatzean, eta dokumentazio guztia entregatu ziola gobernu talde berriari, ekainean. Era berean, legegintzaldi honetan behin betiko proiektua onartu zen, irailean zehazki. Ander Añibarrok honakoa erantsi du: "Ikasten ari ziren bitartean hilabeteak pasatzen utzi dituzte, denbora gainean izan arte".

Omniaren adierazpenak

EH Bilduk eta Omniak osatzen duten udal gobernu taldeak atzo eskaini zuten prentsaurrekoa plazan bertan eta honakoa azaldu zuen: "Europako funtsa jasotzeko ezarritako epeek ez dute bideragarri egiten birgaitze proiektua horrela finantzatzea. Dirulaguntza deialdiaren arabera, 2024ko ekainerako lanen %60 gauzatua egon beharko lirateke. Horretarako, ordea, proiektua aurtengo ekainean egon beharko luke lizitatua eta lanak abuztutik abiatuak".

Halaber, Omniak, bere kabuz, sare sozialetan zabaldu zuen EAJren eta PSE-EEren kudeaketak ez duela ahalbidetu epeak betetzea. Halaber, talde independenteak azpimarratu zuen tokiko merkatarien garrantzia eta proiektuarekin aurrera egin beharra. Hori bai, "dirulaguntzarik jaso behar ez izateak aukera emango digu proiektuan egin daitezkeen hobekuntzei buruzko hausnarketa egiteko, merkatariekin, lehen sektorearekin eta eragindako bizilagunekin parte hartu ahal izango baita. Era berean, hasierako ideian sartzen ez diren elementu historiko batzuk kontserbatzeko alternatibak aztertuko dira", argitu du Omniak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide