Espainiako estatuko karaterik onenak hitzordua du Laudion asteburuan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 11a, 12:39

Euskal Federazioko eta Udaleko ordezkariak egon dira ligaren aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Gaur aurkeztu dute asteburu honetan Laudion jokatuko den 21 urte azpiko Karate Liga Nazionala. Ostiraletik igandera bitarte Espainiako Estatuko kirolaririk onenak Granja kiroldegian lehiatuko dira, mila parte hartzaile guztira.

Urriaren 13, 14 eta 15ean 21 urte azpiko Karate Liga Nazionala jokatuko da Laudioko Granja kiroldegian. Gaur egin dute ekitaldiaren aurkezpena, Laudioko Udalbatza aretoan. Ainize Gastaka Laudioko alkateak nabarmendu du "ohorea" dela "tamaina horretako kirol ekitaldi baten anfitrioia izatea". Zentzu berdinean mintzatu da ere Jose Manuel Colas, Karateko Euskal Federazioko presidentea: "plazera da horrelako ekitaldiak jasotzea federazio bezala. Euskadiko 11 klub arituko dira lehian, eta estatu osoko 100 talde baino gehiago guztira".

Guztira 1.000 kirolari baino gehiago neurtuko dira Granja kiroldegian txapelketak iraungo dituen hiru egunetan. Colasek nabarmendu du maila oso altuko karatekak etorriko direla Laudiora: "Oso momentu onean daude Laudion lehiatuko diren kirolarietako asko. Bi aste barru Munduko txapelketara joango dira, eta honezkero oso maila altua daukate".

Beteranoak eta para-karatea

21 urte azpiko liga ez ezik, beste bi kategoria ere egongo dira asteburuko hitzorduan: beteranoen kategoria eta para-karatekoa. Beteranoen bigarren liga izango da Laudiokoa eta, Jose Manuel Colasek azpimarratu duenez, "egunez egun garrantzia handiagoa duen kategoria da". Para-karateari ere garrantzia berezia eman nahi dizkiote federazioek. Bai beteranoek eta baita para-karatean arituko diren kirolariek ostiralean jokatuko dute, eta beraiena izango da txapelketa inauguratzearen ardura.

Ostiralean 16.00etan hasiko dira norgehiagokak, eta estatuko kirolari beterano onenak bertaratuko dira Laudiora, tartean munduko txapeldunak izandakoak ere.

Gizonezkoen eta emakumezkoen ligak

Larunbatean 21 urte azpikoen gizonezkoen liga jokatuko da. 8:30ean abiatuko dira norgehiagokak, eta streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da. Halaber, 17:30etatik aurrera finalak jokatuko dira eta hauek Teledeporte eta La Liga telebista kateetatik transmitituko dira zuzenean.

Igandean Iberdrola Ligako emakumezkoen txanda izango da. Larunbatean bezala, 8:30ean abiatuko da txapelketa eta finalak 12:30ean hastea aurreikusi dute.

Herrian eragina

Kirol ekitaldiak herrian eragin nabaria izatea espero dute federazioek zein udal ordezkariek. Karatea Laudion berriro indartzeko baliatu nahi dute hitzordu garrantzitsu hau, eta deia luzatu diete herritarrei Granja kiroldegia betetzeko. Nerea Gonzalez kirol zinegotziak ostalariei ere egin die deia, Laudiora etorriko diren milaka lagunei harrera beroa egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide