Kultur sorkuntza Aiaraldean

Marian Monje da urriko protagonista Kulturlaben dinamikan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 12a, 19:49

Argazkilari laudioarraren bi mural jarri dituzte Zumalakarregin eta Zubiko Malekoian, baina ez dira horretara mugatu. 

Bere ohiko dinamikarekin jarraitzen dute Kulturlabeko kideek. Laudioko edo eskualdeko sortzaile batek eginiko murala jartzen duten hilero Zumalakarregi etorbidean eta Zubiko Malekoian atondutako espazioetan. Urrian Marian Monjeri egokitu zaio ekarpena egitea. Jatorriz bilbotarra den arren, 40 urte daramatza Monjek Laudion bizitzen, eta argazkilaritzara egon da lotua betidanik. Berak Laudion eginiko argazki batzuekin atondu dituzte muralak, “kontraste handiko irudiekin eta itzalen protagonismo handiarekin”.  

Kulturlabeko kideek azaldu dutenez, “kaleko argazkilaritza” jorratzen du Monjek. “Marianen argazkiek bere inguruneaz hitz egiten dute, bertako bizitzaren jarioaz, eta bizi den lekua ulertzen, komunikatzen eta harekin harremanetan jartzen laguntzen diote”, azaldu dute komunikabideei bidalitako oharrean, “ikusmen-joko horrek, batzuetan, ohikoak ditugun eta normalean ibiltzen garen eremuak lehen begiratuan ezagutzeko modukoak ez izatea eragiten du, eta beste leku batzuetara eramaten gaitu, beste hiri ezagun edo imajinatu batzuetara”. 

Bi hormairudiak hilaren amaierara arte egongo dira ikusgai, baina Monjeren ekarpena ez da horretara mugatuko. Argazkilariak erakusketa atonduko du Kulturlaben lokalean. Datorren asteko asteazkenean -urriak 18- inauguratuko dute, 19:00etan. “Bertan, Marian Monjeren ‘kaleko’ argazki gehiago ikusi ahal izango ditugu”, aurreratu dute antolatzaileek. Ostegunetan 11: 00etatik 13:00etara eta ostegun, ostiral eta larunbatetan 19:00etatik 21:00etara egongo da zabalik lokala, eta sarrera librea eta doakoa izango da. 

Jarduera gehiago

Horrez gain, beste hainbat jarduera ere dituzte Kulturlabeko kideek esku artean. Gogorarazi dutenez, zabalik dago ‘Emakumeentzako cianotipia ikastaroan’ izena emateko epea. “Ikastaroa azaroko larunbat goizetan izango da, 10:00etatik 13:00etara”, zehaztu dute. Gainera, urriaren 28an bisita gidatua egingo dute Oiartzungo Lurgarden lorategira. Bi jarduerek 20 euroko prezioa dute, eta Kulturlaben atarian eman daiteke izena, plazak agortu arte. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide