Guardian errudun, Glavista konponbidea! izan da Autoglas-Glavistako langileen lema nagusia azken hilabeteetan. Baina iragan ostiralean fabrika barruan eginiko itxialditik atera eta manifestazioa abiatu zutenean, beste oihu bat ere nagusitu zen beharginen artean: ¡Expropiación es la solución! (Desjabetzea da soluzioa!).
Baina, zer dago aldarri berri horren atzean? Posiblea da legalki Autoglas-Glavistaren etorkizuna bermatu ahalko luketen lurrak desjabetzea, Guardian multinazionalari? Soluzio egokia izan ahalko litzateke?
Gai horri buruz hitz egiteko bi aditurengana jo dugu: Iñaki San Andres Marcilla eta Urtzi Gorostiaga Mendizabal. Biak dira aholkulari juridikoak, ELA eta LAB sindikatuetan, hurrenez hurren.
Bilbokoa izan arren, San Andresek gertutik ezagutzen du eskualdeko egoera, Tubacexeko Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurkako borroka juridikoan murgilduta egon baitzen 2021ean. Bere hitzetan, “borondate politikoa” da administrazio publikoetatik behar dena. "Horri lotuta, kontuan hartu behar dugu Guardianek uko egin diola Autoglas-Glavistaren balizko erosleari lurrak saltzeari, lur horietan etorkizunean beste inolako proiekturik garatuko ez duen arren”, azaldu du aholkulariak.
“Autoglas-Glavistak 2,5 milioi euro zor dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta honek diru hori baliatu
ahalko luke enpresako akziodun bilakatu eta, modu horretan, egoeran eskua sartzeko”
Bere ustez, Europako legeriak hainbat gauza egiteko aukera ematen dio Eusko Jaurlaritzari horrelako kasuetan: “Europako legediak uzten die administrazio publikoei degradatuak dauden tokietan eskua sartzen. Langabezi-tasa da zonalde baten degradazioa markatzen duen parametroetako bat. Egun, %14ko langabezi tasa dago Aiaraldean, eta hori asko da Europako ikuspuntutik. Autoglas-Glavistaren kasuan, enpresa mantenduko balitz lanpostuak mantenduko lirateke eta, horrez gain, baita bere inguruko industria ere. Kontuan hartu behar dugu Autoglas-Glavistarentzat ez dutela soilik bertako beharginek lan egiten, baita inguruko azpikontratek ere, eta inguruko mertakariei ere ematen die lana. Hori ikusita, uste dugu Eusko Jaurlaritzak eskua sartu dezakeela. Europako legeriak aukera ematen die administrazio publikoei horrelako egoeretan enpresak bere gain hartzeko”.
2,5 milioiko zorra
Puntu honetan, ELAko kideak nabarmendu du Autoglas-Glavistak 2,5 milioi euro zor dizkiola Eusko Jarlaritzari. Erakunde publikoak hiru laguntzaren bidez eman zion diru hori enpresari, Parter Capital inbertsio funtsaren menpe egon zen garaian. Diru-laguntzen oinarriak bete ez dituenez, diru hori administrazioari itzuli beharko lioke une honetan likidazio prozesuan dagoen enpresak. Eta hori abagune bat da, San Andresen ustez: “Eusko Jaurlaritzak aukera izango luke 2,5 milioi euro horiek akzio bilakatu eta, modu horretan, enpresaren jabeetako bat bilakatzeko”.
Izan ere, San Andresen ustez, Eusko Jaurlaritzak ezingo luke Guardianen lurra desjabetu gero beste enpresa bati emateko, “lehia desleialean sartuko litzatekeelako”. Baina akzioduna bihurtuko balitz gauzak aldatuko lirateke, “interes publikoa” argudiatu ahalko lukeelako Guardianen lurren desjabetzea burutzeko. “Abiadura Handiko Trena garatzeko edo edozein errepide egiteko, adibidez, hainbat eta hainbat desjabetze egin dira, interes publikoa argudiatuta, eta kasu honetan ere interes publikoa egongo litzateke”, azaldu du aholkulari juridikoak.
Desjabetzeagatik Guardiani kalte ordaina eman beharko litzaioke. Baina, San Andresen ustez, kalte ordain horrek ez luke zertan administrazio publikoaren esku geratu, “sortzen den sozietate edo proiektu enpresarial berriak” ordaindu ahalko lukeelako.
Guardianen ardura
Urtzi Gorostiaga Mendizabalek ere bat egiten du Desajabetzea da soluzioa lemarekin. “Desjabetzea aldarri indartsua da, jabetza pribatuaren funtzio sozialaren inguruko posizio politiko bat adierazten duena”, azaldu du LABeko aholkulariak, “Zer dago lema horren atzean? Guk ulertzen dugula jabetza pribatua bere horretan ez dela sakratua eta bere gainetik legokeen eskubideak daudela, jabetzaren funtzio sozialari lotuak daudenak”. Dena den, Gorostiagak ‘desjabetze’ terminoaren bi ulerkera bereizten ditu, “ulerkera politikoa” (arestian aipatutakoa) eta “ulerkera juridikoa”. Eta aldarri politikoarekin bat egiten duen arren, zalantzak sortzen zaizkio desjabetzearen planteamendua gaur egungo egoera juridikora eramaterako orduan.
Alde batetik, uste du lege aldetik zaila izan daitekeela Autoglas-Glavistaren jarduna interes publikokoa dela argudiatzea, autoentzako haizetakoak egiten dituen lantegi bat delako, eta ez berez funtsezko zerbitzu publiko bat eskaintzen duen enpresa bat. “Laudion araztegi bat jartzeko leku bat beharko balitz, adibidez, erakunde publikoek legea baliatu ahalko lukete horretarako lur bat desjabetzeko. Baina administrazio publikoak ezin dio lehentasuna eman jarduera industrial bati beste jarduera batzuen gainean”. Horri lotuta, Gorostiagak zail ikusten du probatzea Autoglas-Glavistaren jarduera ekonomikoa ezin daitekeela beste tokiren batean egin. “Errepide bat egiteko lur bat desjabetzen denean, adibidez, txosten tekniko bat dago argudiatzen duena errepide hori lur horretatik bai ala bai igaro behar dela”.
“Abiadura Handiko Trena garatzeko edo edozein errepide egiteko, adibidez, hainbat eta
hainbat desjabetze egin dira, interes publikoa argudiatuta”
Gauzak hala, aholkulari juridikoak uste du fokua Guardianek duen erantzukizunean jarri beharko litzatekeela. “Multinazional horrek une batean erabaki zuen ez zuelako autoentzako haizetakoak ekoizten jarraitu nahi; eta, Autoglas-Glavistako langileakkaleratzearen erantzukizuna bere gain hartu ordez, Parter Capital funts putreari saldu zion enpresa”.
Horretarako, Gorostiagaren aburuz, Guardianek hainbat enpresa pantaila baliatu zituen Parter Capitalekin salerosketa egiteko, eta gertatutakoa nahikoa izan daiteke multinazionalari “iruzurra” leporatzeko. Hor ikusten du Gorostiagak abagunea. “Eusko Jaurlaritzak presio handia egin ahal dio Guardiani afera horrekin, eta baita beste gauza batzuekin ere: ematen dizkion diru-laguntzak, egin ahal izan dituen bestelako lege-urraketak…”.
Borondate politikoa
Modu batean edo bestean, bi aholkulariak ados daude funtsezko gauza batean: erakunde publikoek (eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzak), legea euren alde izanda, orain arte egin dutena baino nabarmen gehiago egin dezaketela Autoglas-Glavistako 240 langileen etorkizuna bermatzeko.
Gakoa "borondate politikoan" dagoela errepikatu du San Andresek: “Askotan aitzakia legerian jartzen da, eta hori ezin da inoiz aitzakia bat izan. Borondate politikoa badago, gauzak egin daitezke”.