Pasa den larunbatean lehiatu zen Bilboko erdigunean Nazioarteko Milia lasterketa hainbat kirolariren partaidetzarekin eta Laudio Atletismo Klubak emaitza oso positiboak izan zituen.
Taldea 25 atletekin joan zen Bizkaiko hiriburura eta hiruk lortu zuten podiuma zapaltzea. 23 urtetik azpiko kategorian Ane Lopez izan zen irabazle, 06:16 marka ezarrita. Ane Aldaiturriagak berarekin hartu zuen tokia podiumean, hirugarren postuan, 06:50 marka lortuta. June Rivas, aldiz, 18 urtetik beherako kategorian bigarren sailkatu zen 06:02 marka bikainarekin.

Laudio Atletismo Klubak, horrenbestez, denboraldia hasi du eta helburuen artean dago eskola zein federatutako kategoria guztietako kirolariak trebatzea. Horrez gain, saiatuko dira estatuko zenbait txapelketan sailkatzen, bai banaka zein taldeka. Xede jakin gisa, aipatu dute Sorian azaroaren 17tik 19ra jokatuko den Espainiako Kros Txapelketan egoten saiatuko direla.