Laudioko I. Eskalada Txapelketa egingo dute azaroaren 4an, eta izena emateko epea urriaren 23an amaituko da

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 18a, 18:00

Rokodromoaren irekiera ekitaldian eginiko argazkia.

Egun osoko jarduera izango da, goizez umeentzat eta arratsaldez 14 urtetik gorako eskalatzaileentzat. Lehiatzeko aurretik eman behar da izena.

Azaroaren 4an Laudioko I. Eskalada Txapelketa egongo da jokoan Latiorroko rokodromoan. Edonola ere, lehiaketak baditu bestelako helburuak: kirol gutxituak ikusaraztea, zaletasuna sustatzea...

Horregatik, lehiakortasuna ez da jarduera osoaren ardatza izango. Hain zuzen, 10:00etatik aurrera umeak izango dira protagonistak eta jolasen bitartez eskaladara hurbiltzeko aukera emango dute Haitzetan Gora Mendi Taldeko kideek.

Antolatzaileek aipatu dute euskara erdigunean jarriko dutela eta haurrentzako mokadua eta oparien zozketa egongo direla. Horrez gain, sortu berri duten eskalada eskolako talde argazkia egingo dute.

Lehiaketa arratsaldez

Arratsaldean, ordea, 14 urtetik gorako eskalatzaileek aukera izango dute txapelketan hartzeko. Izena eman beharra dago urriaren 23an edo lehenago. 5 euro balioko du inskripzioak eta kamiseta oparituko dute.

Probak bi zati izango ditu. 15:30etik aurrera finalean sailkatzeko erronkaren txanda helduko da. Parte hartzaileek hamabi bloke gainditu beharko dituzte eta puntuazio onenak eskuratzen duten hiru gizonezko eta hiru emakumezko aurrez aurre egongo dira 18:30etatik aurrera. Finalean hiru bloke eta soka ibilbidea egin beharko dituzte finalistek. 19:40ean hasiko da bi kategorien sari banaketa.

Interesdunek aintzat hartu behar dute 60 kirolari baino ez dituela onartuko antolakuntzak, hortaz, hemen bete dezakete inskripzioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide