Laudioko Gaztetxeko kideek deituta, dozenaka lagun batu ziren atzo arratsaldean Lamuza plazan Palestinaren alde egindako elkarretaratzean. "Palestina libre! Israel hiltzailea!" lemapean, Israel Gazan egiten ari den "sarraski basatia" salatu zuten.
"Hamarkadetan zehar egindako okupazioaz gain, azken egunetan milaka palestinar erail ditu Israelek, baita bertako azpiegitura suntsitu, ospitaleak bonbardatu, elikagai eta elektrizitate suministroak eten…", azpimarratu zuten elkarretaratzeko hitzartzean.
NATOk Ekialde Hurbilean dituen interesak ere salatu zituzten, eta baita Europak eta Espainiako Estatuak erakutsitako jarrera ere: "bakearen negoziazioaren eta nazioarteko zuzenbidearen inguruan hitz egiten duten bitartean, Israelen eta NATOren politika terroristari babes osoa eman diote".
Azkenik, mobilizatzearen beharra azpimarratu zuten, palestinar herriaren aldeko manifestazioek Europako zenbait herrialdetan izan duten debekua salatuz.