EZTIZEN MANERO

“Irlandan errazagoa da lan kualifikatu bat lortzea”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 4a, 07:00

EZTIZEN MANEROk (Laudio, 1991) ia sei urte daramatza Irlandako Cork hirian bizitzen. Bertako bizimoduari buruz mintzatu da. 

Urte nahikotxo daramatzazu Irlandan bizitzen. Nola iritsi zinen bertara eta zertan zabiltza?

Sei urte eta erdi daramatzat Irlandan bizitzen. Lehen aldian ingelesa ikastera etorri nintzen, eta au pair (famialia batean umeak zaintzen) moduan joatea erabaki nuen. Uste dut errazena dela modu horretan joatea, herrialde berri batean bizitzen laguntza zaituelako.

Aukera ezberdinak nituen, baina azkenean familia bat topatu nuen Irlandan. Corken bizi naiz, Irlandako bigarren hiri handienean. Urte erdi egon nintzen bertan au pair moduan lan egiten. Laudiora itzuli nintzen gero, baina handik gutxira bueltatu nintzen berriz, bertako esperientzia gustatu zitzaidalako eta lagun oso onak egin nituelako. 

Zer moduzkoa izan zen au pair moduan bizitako esperientzia?

Nire iritziz oso ideia ona da lan horretan aritzea. Herrialde berri batera iristean ez dugu hizkuntza, kultura ezta jendea ezagutzen, eta etxe batera zoaz zeinetan badagoen familia bat oso ondo hartzen zaituena.

Gainera, lana duzu eta egin behar duzun gauza bakarra hizkuntza ikastea eta lagun berriak egitea da. Nire kasuan esperientzia oso ona izan zen, lagun pilo egin nituelako. Oso oroitzapen onak ditut. 

Zertan zabiltza orain?

Irlandara itzuli nintzenean lan zein etxebizitza bila hasi nintzen, jende askok egiten duen bezala. Banuen lagun bat au pair izan nintzen garaitik ezagutzen nuena, eta berarekin geratu nintzen hasieran. Gero apartamentu bat topatu nuen, eta baita lana ere. Udan bost urte bete nituen lan horretan.
Horrez gain, unibertsitatean hasi nintzen iaz. Bigarren mailan nago orain, eta beste bi ditut aurretik, Biologiako irakasle bihurtzeko.

Alde handia sumatu duzu Laudion bizitzetik Corken bizitzera igarotzean?

Bai, bi toki oso ezberdin dira. Janaria da, seguraski, faltan gehien botatzen dudana (barreak), Irlandako janaria ez baita, agian, onena. Familia eta lagunak ere botatzen ditut faltan, noski. 

Baina, bestalde, oso gauza onak ere ditu Corkek. Aukera handiak ematen dizkizu beste kultura batzuetako pertsonak ezagutzeko. Asteko edozein egunetan joan zaitezke taberna batera, kristoren giroa dagoelako egunero. Bizimodua oso ezberdina da, baina ez da hobeagoa edo txarragoa. 

Unibertsitate giro handiko hiria da Cork?

Baietz esango nuke. Unibertsitatea dela eta ikasle asko daude Corken. Baina ez daude unibertsitateko ikasleak bakarrik. Beste herrialde batzuetako langileak ere daude hirian, eta horrek ere ematen du aipatutako kultur artekotasuna. 

Orduan, mundu osoko jendearekin erlazionatzen zara, ez?

Bai. Egia esan, hemen dudan kuadrillako ia kide guztiak gara euskaldunak, eguneroko harremanak izaterako orduan zuretzat errazena dena bilatzen duzulako sarritan. Baina baditut baita lagun minak beste herrialde batzuetakoak direnak. Lankide batzuk irlandarrak dira eta beste batzuk beste lekuetakoak, eta oso harreman estua daukat beraiekin ere. 

"Irlandarrekin niri ematen didan sentsazioa da oso jatorrak direla eta eurekin ateratzen bazara oso ondo pasatuko duzula, baina zaila da hortik harago konektatzea"

Aipatzen duzunagatik, badirudi ez dagoela ezberdintasun askorik Euskal Herriaren eta Irlandaren artean, erlazionatzeko moduei dagokionez behintzat.

Ezberdintasunak sumatu daitezke izaerari dagokionez. Nire iritziz, Euskal Herrian errazagoa lagun minak egitea, hobeto konektatzen duzu. Irlandarrekin niri ematen didan sentsazioa da oso jatorrak direla eta eurekin ateratzen bazara oso ondo pasatuko duzula, baina zaila da hortik harago konektatzea. Iruditzen zait barrera moduko bat jartzen dutela, eta ez dela hain erraza beraiekin harreman estuak izatea. 

Orduan, beste herrialdeetatik bertaratutako jendearekin duzu harreman estuagoa?

Ba agian bai. Baliteke beste kultura batzuk hurbilagoak izatea gurearekiko eta horregatik errazagoa izatea harremanak garatzea. 

Lana aipatu duzula, nolakoa da Irlandako egoera esparru horretan?

Uste dut errazagoa dela hemen lan kualifikatu bat lortzea, Euskal Herrian baino. Aukera gehiago daude. Irlandan ez dago horrenbeste ‘titulusirik’. Ikasi baduzu eta maila baduzu, errazagoa da lana topatzea.

Baina, bestalde, hemen oso zaila da etxebizitza aurkitzea. Ezagutzen dut Irlandara ingelesa ikastera etorritako jende asko itzuli behar izan dena, etxebizitzarik aurkitu ez duelako. Beraz, une honetan krisi handiena etxebizitzarena da.  

Bi ikasturte falta zaizkizu unibertsitateko ikasketak amaitzeko. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Hori da “milioiaren galdera’. Zaila egiten zait etorkizunean pentsatzea orain pentsatzen dudana gero aldatu egin daitekeelako. Orain dudan asmoa bada karrera amaitzea, urtebete igarotzea hemengo eskoletan esperientzia hartzen, eta Euskal Herrira bueltatzea gero. Hori izango litzateke plana, baina bi urteren buruan aldatu daiteke (barreak). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide