Hainbat hizkuntza komunitateetako ordezkarien bisita jaso du Faktoriak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 30a, 16:00

Hamahiru hizkuntza komunitateetako hamasei kide egon ziren ostiralean Faktoriako lan-taldea ezagutzen. / Garabide

Garabide elkarteak antolaturiko Aditu ikastaroan parten hartzen ari diren kide indigenek Aiaraldea Ekintzen Faktoria bisitatu zuten ostiralean. Kooperatiba elkartearen ibilbidea eta hamahiru urte luzetan hizkuntzaren normalizazioaren bidean garatutako proiektuak ezagutzeko parada izan zuten.

Bisita berezia jaso zuen Faktoriak iragan ostiralean Garabide Elkarteak sustatutako Aditu ikastaroan parte hartzen ari diren kide indigenak Laudiora bertaratu ziren kooperatiba elkartea, Faktoria eta bere altzoan abian jarritako proiektuak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Mundu osoko hamahiru hizkuntza gutxituetako 16 ordezkari bertaratu ziren Laudioko Industrialdean dagoen pabilioira, Garabideko kideekin batera.

Bisita gidatuari ekin aurretik, tokiko produktuez kozinatutako bazkariaz gozatzeko aukera izan zuten. Bazkalostean, Faktoriako azpiegitura eta txoko bakoitzaren atzean dauden proiektuak eta ekimenak ezagutu zituzten.

Hizkuntzak biziberritzeko formazio programa

Garabide elkarteak hainbat ikasturtez garatu duen formazio programa da Aditu. Hain zuzen ere, herri indigenetako hizkuntza ekintzaileei hizkuntzen biziberritzerako formazioa eskaintzeaz gain, aukera eskaintzen die baita ere euskararen berreskurapen prozesua bultzatzeko alor desberdinetan garatutako proiektu eta esperientziak aurrez aurre ezagutzeko. Hizkuntza aktibistak trebatzea da, funtsean, formakuntzaren helburu nagusia.

Formazioaren azken edizioa urriaren 2an abiatu zuten eta datorren ostegunera arte (azaroak 9) luzatuko da. Azken hilabetean, Faktoria ez ezik, Euskaltzaindia, Bilboko Kafe Antzokia, AEK, Elhuyar edota Kanaldude komunikabidea ere bisitatu dituzte, beste askoren artean.

Lankidetza Garabiderekin

Aiaraldea Komunikabideak lankidetza hitzarmena du sinatua Garabide Elkartearekin. Azken lau urteetan Komunikabideko eta Faktoriako zenbait kide Ekuadorreko Imababura eskualdean izan dira, Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Nazioarteko Diplomaturan parte hartzeko.

Euskal Herriko Garabide Elkarteak eta Ekuadorreko Sysari eta AJKI erakundeek elkarlanean garatutako diplomatura da hori. Hiru topaketa garatu dituzte honezkero, eta helburu nagusia kitxua hizkuntza biziberritzeko aktibisten sarea osatzea eta formatzea da; soziolinguistikako ezagutza orokorretik hizkuntzaren aktibazioa bultzatuko duten proiektu zehatzak garatzeraino.

Aiaraldea Komunikabideari dagokionean, Ekuador iparraldeko kitxua hiztunek garatutako proiektu komunikatiboekin elkarlanean aritzea eta hauei aholkularitza eskaintzea izan da diplomaturaren barruko eginkizun nagusia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide