Parte-hartze eredu berria jarriko du abian Laudioko Udalak, auzoen ahotsa erdigunean jarriz

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 2a, 12:50

"Zu zara Laudio" lemapean, parte-hartze dinamikak irudi-marka propioa izango du. / Aiaraldea.eus

Herritarren parte-hartze eredu berria inplementatzeari ekingo dio Udalak, eta Zu zara Laudio lemapean egingo diren auzo-batzarrekin abiatuko du prozesua. Urte batzuen buruan aurrekontu partida osoa parte-hartzailea izatea da tokiko gobernuaren xedea.

Zu zara Laudio lemapean parte-hartze eredu berri bat jarriko du abian Laudioko Udalak. Horretarako, 2022ko maiatzetik indarrean dagoen Gardentasunaren eta Herritarren Partaidetzaren araudian jasotakoak inplementatu nahi dituzte. "Udalak partaidetza-dinamikak birformulatu ditu, koherentzia sekuentzial, sakontasun eta informazio handiagoa eta herritarren ahalduntzea lortzeko, araudiak berak planteatzen duen bezala", azaldu dute ekimen berria aurkezteko udal gobernuko kideek egindako prentsa-agerraldian. Azaroan eta abenduan egingo dituzten auzo batzarretan emango dituzte prozesu horren lehenengo urratsak.

“Hau lehen fase bat baino ez da, baina prozesu horien metodologian sakontzen joango gara, parte hartzea zabaltzeko baldintza garrantzitsua delako"

Udalaren ohiko komunikazio kanaletatik auzo-batzarren deialdiak luzatu aurretik, eta "herritarrek jasotzen duten informazioa hobetzeko" asmoz, azken urteetan egindako batzarren akta guztien laburpena prestatzen ari dira gobernu taldean. Informazio hori guztia Laudioko auzo guztietako bizilagunei helaraziko zaie. Nagore Gomara zinegotziak azaldutakoaren arabera, "planteatutako proposamen eta kezka guztiekin, batzarretara doazen pertsonek informazio zehatza eta eguneratua izan dezaten".

“Hau lehen fase bat baino ez da, baina prozesu horien metodologian sakontzen joango gara, parte hartzea zabaltzeko baldintza garrantzitsua delako. Nolanahi ere, 2024ko esperientzian oinarrituta, berrikuntza horiek guztiak berrikusi eta hobetu egingo dira 2025erako”, azpimarratu du Gomarak.

Auzo kontseiluak

Auzo-kontseiluen sorrera izango da batzarretan landuko den berritasun eta gai nagusietako bat. Udalerriko auzo guztietan eratu nahi dituzte gisa honetako kontseiluak, eta batzarretan landutako gaiei segida ematea izango da haien jardun nagusia.

Organo berri hauetatik bi ordezkari izendatuko dira auzo-batzarren Jarraipen Batzorderako. Gainera, kontseilu bakoitzeko ordezkari batek Toki Kontseiluan parte hartuko du; udalerriko garapen estrategikoaren, ekonomikoaren, sozialaren, kulturalaren eta jasangarriaren inguruan eztabaidatzeko eta parte hartzeko organo gorena. "Horrela, gune bakoitzeko pertsonen ordezkaritzak defendatuko ditu haren interesak eta beharrak tokiko foroetan eta Laudioko beste eremu batzuetako teknikarien eta ordezkarien aurrean", aldarrikatu du Gomarak.

"Kontua da herritarrek aurrekontu osoaren definizioan parte hartzea, eta ez aurrekontuaren parte txiki batean bakarrik. Beraz, helburua da urte batzuen buruan aurrekontu osoak parte-hartzaileak izatea"

Aurrekontu parte-hartzaileagoak

Partaidetza eredu berri hau aurrekontuetan islatu nahi du Laudioko Udal Gobernuak. Parte-hartze araudiak horrela jasotzen du bere 26. artikuluan, Jakinda Artaraz zinegotziak gogoratu duenez: "Udalak legealdi bakoitzean gauzatu beharreko helburu estrategiko nagusiak hautatzeko prozesua jarriko du abian, bai eta helburu horiek lehenesteko prozesua ere".

Hori dela eta, premiazko proposamenak eskatuko dizkiete auzo-batzarrei 2024ko aurrekontuetan sartzeko. Orain arte, "aurrekontu parte-hartzaile" deitu zaie auzo-batzarretatik ateratako proposamenei, baina terminologia aldatuko du udal gobernuak, eta "auzo-partidak" izango dira aurrerantzean. 

Izan ere, aurrekontu osoa egiteko parte-hartze prozesua jarriko da abian, horretarako beharrezko mekanismoak ezarriz. "Kontua da herritarrek aurrekontu osoaren definizioan parte hartzea, eta ez aurrekontuaren parte txiki batean bakarrik. Beraz, helburua da urte batzuen buruan aurrekontu osoak parte-hartzaileak izatea", azaldu du Artarazek. Horren arabera, "auzo-partidak" deritzotenak balioko dute aukera bat emateko aurrekontu osoa egiteko parte-hartze prozesuan jaso ez diren proposamenei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide