"Legez kanpoko" bideoklipa grabatu du Josu Vaquerizok Yumi and the weather talde britaniarrarentzat

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 7a, 12:00

Zinemagile laudioarra Brightonera joan da bizitzen eta hango musika talde batentzat sortu du bideoklipa; post-punk eta western kutsua duena eta baimenik gabe grabatu zutena hilerri batean.

Josu Vaquerizo sortzaile laudioarra Britainara itzuli da eta berehala hasi da lanean. Oslo utzi ondoren, Brightonera jo du eta ez du bere ekoizpena eten. Hain zuzen, atzo bertan sareratu zuen Lead me through hell bideoklipa Yumi and the weather post-punk taldearekin.

Brightonera bizitzen joan bezain pronto ezagutu zuen Vaquerizok Yumi (hau da, taldeko burua) eta berak proposatu zion bere azken abestirako bideoklipa ekoiztea. "Western abestia zela azaldu zidan, baina beste guztia nire esku utzi zuen".

Legez kanpo grabatua

Bi hilabetez egon zen laudioarra grabaketa prestatzen eta kokapena bilatzen. Azkenean, Brightonetik gertu trenez pasatzean ikusi zuen hilerria. "Bi segunduz izan zen, kasualitate hutsa, baina oso egokia zen eta belar oso garaia zuen. Apur bat makurtuz gero jendea ez zen ikusten" aipatu du Vaquerizok.

Arazoa, ordea, baimena eskatzean agertu zen: "800 euro nahi zituzten baimenaren truke, eta guk ez genuen dirurik. Esan genien beste toki batera joango ginela, jakinda ez zela horrela izango".

800 euro eskatu zizkieten hilerrian grabatzeko eta baimenik gabe egitea erabaki zuten, walkie talkieak zuen jendea jarrita inguruetan

Azkenean, hilerrira bertaratu ziren eta "egin behar ez dena egin genuen; garaiko armen kopiekin eta baimenik gabe. Arriskua da polizia agertzea eta botatzea edo tiro egitea! Walkie talkiekin jarri genuen jendea inguruetan, jakinarazteko ea langileren bat agertzen zen, baina konturatu ginen inori ez ziola axola zer egiten ari ginen. Hortaz, lehen eguna estresatuta egon eta gero, lasaitasunez grabatu genuen hortik aurrera".

Bideoan ez da nabaritzen gorabeherarik eta emaitza txukuna zein dibertigarria da, western-a, feminismoa eta akzioa uztartuta.

Dena den, azken asteetan lan gehiago sareratu ditu sortzaile laudioarrak bere Youtube kanalean eta gonbidapena zabaldu du jendea harpidetu dadin.

Filmeen ibilbideak jaialdietan

Bideoklipak egin baditu ere, Josu Vaquerizok ez du zinema alboratu. Life in the XXI century filmak zazpi sariekin eta 17 izendapenekin amaitu du bere ibilbidea jaialdietan eta Long live the WACP fimak, aldiz, berriki hasi du bidea festibaletan eta lau izendapen metatu ditu jadanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide