ALTZARRATE KE

“Talde izaera indartsua da dugun alderdirik positiboena”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 9a, 07:00

Kopa igarota ligako txapelketa irabaztea dute helburu Altzarrateko jokalariek. / Aiaraldea.eus

EUKENE ROIZO, ENARA IBERNIA, AROA BENGOETXEA eta ELI GUTIERREZ Altzarrateko jokalariak dira IRUNE EGIGUREN Entrenatzailearen esanetara. Jokatu berri duten Arabako Kopako finalaz mintzatu dira.

Larunbatean jokatu zenuten Arabako kopako finala. Penaltietan ebatzi zen norgehiagoka eta bigarren postuan geratu zarete. Nola baloratzen duzue jokatutako partida?

Eli Gutierrez: Nire ustez partidua nahiko berdindua egon zen. Egia da momentu oro aurretik ibili ginela, baina denbora guztian gure atzetik gu heltzea lortu zuten. Guk gola sartu eta haiek ere atzetik gola sartzen zuten, orduan denbora guztien ibili ginen berdintsu, naiz eta gu izan aurretik ibilitakoak. Laurogeita hamar minutuak berdinduta amaitu genituen. Horren ostean penaltietan, zoritxarrez, zortea dela medio, haien alde joan zen markadorea.

Zergatik diozu zortearena?

E.G.: Hain partida berdintsua egin ostean penaltietan beti pizten da urduritasuna. Porteria aurrean jarzteak beti jartzen zaitu urduri, gainera haizeak oso zakar jotzen zuen. Azkenean penaltietan 4-3 galdu genuen. Justu-justu ibili ginen baina zoritxarrez ez genuen lortu gure helburua.

“Gure jokoa hobetzeko asko geratzen da, baina denborak aurrera egin ahala gauzak fintzen eta limatzen joango gara”

Urtebetean jokatzen duzuen bigarren kopa da hau. Aurreko txapeldunak izateak suposatu du zamaren bat?

Aroa Bengoetxea: Aurreko kopa denboraldi amaieran jokatu genuen, oraingoa, aldiz, denboraldia hasi berritan jokatu dugu. Horrek eragin zuzena izan du, aurrekoan liga osoa jokatuta iritsi ginen kopara, ibilbide landuago batekin.
Guk sprinta denboraldi amaieran ematen dugu normalean, kopa lortu ez badugu espero dut denboraldiko fruituak liga amaieran ikustea.

Eukene Roizo: Nire ustez partida oso berdinduak izan dira gehienak, baina esango nuke oso ondo jokatu egin dugula. Irabazi ditugun partida guztiak merezita irabazi ditugu. Beti izan dugu helburu bezala irabaztea, eta beti atera gara zelaira irabazteko konbikzioarekin.

E.G.: Nik uste talde moduan ere elkartasuna adierazi dugula momentu oro. Gure artean oso ondo ulertu dugu elkar. Bagaude berriak garen batzuk, eta denboraldia horrela hastea oso sentzazio ona da. Hemendik, Aroak esan duen moduan, gorantz joatea espero dugu.

Kopa igarota ligan zentratzea izango da helburua. Nola hasi da txapelketa?

E.R.: Liga irabazteko uste dut konstantzia handiagoa behar dugula. Horrek zailtasuna dakar; partida bat galtzen badugu bajoi handia da. Euskal Ligara igotzea da gure helburua.

E.G.: Nik uste dut daukagun alde positiboena dela talde izaera indartsua dugula. Kopako finalean argi geratu zen, gure talde izaerak markatu zuen diferentzia. Guk taldean jokatu genuen, Lakua Arriagakoen jokoa, ordea, askoz indibidualagoa zen. Uste dut talde izaera oso ondo barneratuta daukagula, eta hori lantzen jarraitzen badugu hemendik aurrerako bidea errazagoa izango dela.

Aurreikusten duzue ligan arerio zuzenik?

A.B.: Kopan bezala Lakua Arriaga izango da arerio nagusia. Gu baino nagusiagoak dira eta guk baino esperientzia gehiago daukate. Aurreko denboraldian  Euskal Ligan jokatu zuten.

E.G.: Esperientzia nabari zaie baina talde modura gu indartsuagoak gara. Azken finean, jokalari oso onak dituzte, baina oso talde indibidualista da. Talde-lanean gu gainetik gaude nire ustez.

I.E.: Nabaritzen da talde berria direla, hau da; talde desberdinetako jokalariak elkartu berri dituztela, pegote bat. Altzarrateko jokalari askok sei urte daramate batera.

Eta non dituzue hobetzekoak?

I.E.: Atezain bat behar dugula (barreak). Orain arte hala moduz moldatu gara, txandakatuz edo B taldeko atezaina deituz. Bilatzen gaude eta etorriko da baten-bat froga egitera. Ez da gure arazoa soilik, orokorrean futbolean atezainak lortzea oso zaila da.

E.G.: Denboraldiaren hasiera da, hobetzeko gauza asko daude logikoa denez. Orokorrean jokoa hobetzeko asko geratzen da, baina denborak aurrera egin ahala gauzak hobetzen eta limatzen joango garela. Denboraren poderioa eta lana dira gakoa. Konstantzia eta taldearen gogoak.

Zuetako batzuk urte asko dramazue Altzarraten jolasten. Nola ikusi duzue taldearen bilakaera?

Enara Ibernia: Ni hasi nintzenean jolasten ez zegoen ia emakumezkoen talderik. Oso gutxi ginen. Kategoria bakarra zegoen eta nik hamabi urterekin goiko taldean jolasten nuen, nire mailan jokatzerik ez nuelako; askotan hogei urteko jokalarien aurka. Partida gehienak galtzen genituen, eta gol asko sartzen zizkiguten. Asko hobetu dugu eta talde indartsua osatu dugu. Orain aupegira begiratu ahal diegu gainerako taldeei.

I.E.: Nik hartu nituen lehenengo urtean, futbol hamaika jolasten hasi zirenean, partida guztiak galtzen genituen: 7-0, 8-0, 15-0… Apurka apurka joan da taldea definitzen, esperientzia hartzen eta orain, Enarak esan duen moduan, edozein talderi egin ahal diote aurre. Jokalariak berdinak izaten jarraitzen dute, eta hori nabaritzen da. Esango nuke garapen egokia daukatela, eta horrela jarraitzen badute gauza handiak lor ditzazkegula.

“Emakumeen  futbolak erreferenteak behar ditu jokalari gazteak erakartzeko”

Uste duzue ibilbide horrek balio izan duela eskualdean emakumezkoen futbola aldarrikatzeko?

E.I.: Nire ustez bai, ni txikia nintzenean ez zegoen emakumezko talderik. Ni Amurrioko talde misto batean hasi nintzen, baina gero Bizkaiko talde batera jo behar izan nuen jolastera. Handik gutxira sortu zen Altzarrate, eta orduan bai izan nuen aukera futbolean jolasteko. Orain auekra gehiago daude, Amurrion Giltzarrapok emakumezkoen taldea sortu berri du.

I.E.: Zenbakietan nabarizten da ere emakumezkoen futbolaren hazkundea. Iaz lau talde genituen eta aurten sei. Denboraldia aspaldi hasi zen eta oraindik iristen dira izena eman nahi duten gazte berriak.

E.G.: Egia da ere, Altzarratek emakumezkoen futbolaren alde egiten duen lana beste taldeek ez dutela egiten. Ez diote dedikazio berdina eskaintzen. Ni Aiaraldeko beste klub batetik nator eta baldintzak hemen askoz hobeak dira, nabarmen hobeak. Ihemen igartzen da aldaketa, nesken aldeko apustua eta gizarte  parekideago bat lortzeko helburua. Beste klub askotan nesken taldea egote hutsagatik bakarrik dago, diru-laguntzen kontuengatik, ez benetan emakumezkoen kirolaren alde apustu egiteagatik.

A.B.: Ikusgarritasuna eman behar zaio emakumezkoen futbolari. Gazteek erreferenteak behar dituzte, eta, ikusgarritasunik ematen ez bazaio, ez dira jolastera animatuko.

E.G.: Guk ahalegina egiten dugu lotsak alde batera utzi eta esteriotipoak apurtzeko, baina gurekin batera gizarteak ez badu aldaketa egiten, ezinezkoa da aurrera egitea, eta kirolerako hobekuntzak lortzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide