Gerra eta denbora izeneko erakusketa atondu dute Laudioko Elizalde kaleko KulturLab 03 aretoan. Ekimenak Arabako hirurogeita hamar artisten lanak bildu ditu, eta bihar egingo dute inaugurazioa, 19:30ean. Laudion jarriko dena Gasteizko "ESPAZIOA" erakusketa-aretoak antolatutako erakusketaren segida da. Gasteizen zortzi hilabetez ikusgai egon ostean obra guztiak Laudiora lekualdatu eta tokiko artista berrien atxikimenduak bildu dituzte.
"Gerraren bilakaeraren eta igarotako denboraren aurrean gure erantzun eta pertzepzio plastikoak begiratzen entseatzen gara. Kezka eta gogoeta azaltzeko asmoa dugu", azaldu dute KulturLabeko kideek ohar bidez. "Gerra eta gatazka belikoaren sorreratik igarotzen den denbora erlazionatzea, haren aldakuntzak, izugarrikeriak, erantzukizunak, suntsipena, hilketak haztatzea. Gerraren garai suntsitzailea eta herrientzako errentagarritasunik eza behatzea. Bere bultzatzaileak ezagutzea, bere onura-arrazoia".
Funtsean, "gerraren aurkako oihu kolektiboa" izan nahi du erakusketak: "Konponbide diplomatiko presazkoak eta eraginkorrak eskatzen ditugu. Berehalako su-etena nahi dugu".
Horma-irudi berria Zumalakarregi etorbidean
Erakusketa berri honi lotuta ere, azaroko "Bigarren Azala" ekimena aurkeztu dute. Hilabete osoan Laudio Institutuko Arte Batxilergoko ikasleek egindako murala egongo da ikusgai Zumalakarregi etorbidean. Hain zuzen ere, Ekain Aretxaga, Eneritz Ortiz eta Josu Picaza ikasleen lanek osatu dute hormairudi kolektiboa, baina gainerako klasekideek ere pieza pertsonalak egin dituzte "gerra eta denbora" gaiari helduz.
Honela deskribatu dute horma-irudi berriko obra: "Lan honen helburua, beraz, ikuslea espiral dikotomiko horretatik ateratzera gonbidatzea da, eta horrek 'gerra eta denbora' kontzeptuan pentsatzea inplikatzen du, elkarbizitza baketsuaren alde oihu egiteko eta mundu hobe batean bizitzeko beharrezkoa den hausnarketa bultzatzeko helburuarekin".
Erakusketa eta ekintza osagarriak
Bihar inauguratuko da erakusketa, 19:30ean, Espazioa aretoko Jose Coseren eta KulturLabeko Izaskun Alonsoren parte hartzearekin, besteak beste. Erakusketa abenduaren 5era arte egongo da zabalik. Ostegun goizetan irekiko da 11:00etatik 13:00etara, eta astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatetan arratsaldetan, 18:00etatik 20:00etara.
Erakusketarekin lotuta, hainbat jarduera osagarri aurreikusi dituzte KulturLab 03 espazioan datozen asteetarako:
- Azaroak 11: Hainbat artistek beren lanak azalduko dizkiete bisitariei, 18:00etatik aurrera.
- Azaroak 12: 12:30ean, Asier Otamendi, Ricardo Gonzalez de Durana, Felipe Zelaieta eta Izar Mendiguren bertsolariek "Gerra eta denbora" gaiari buruzko kantu inprobisatuak egingo dituzte KulturLaben lokalaren ondoan.
- Azaroak 16: 18:00etatik aurrera, beste artista batzuekin hitz egin ahal izango da berriro, beren lanei buruz hausnartzeko.
- Azaroak 17: 19:00etan, Herriko plazako erabilera anitzeko aretoan, Asier Blas Mendoza (UPV/EHU) eta Josune Muñozen (Skolastika) arteko "En tiempos de Guerra" elkarrizketa entzun ahal izango dugu.
- Azaroak 18: 19:00etatik aurrera, Patas de Gansa taldeko dantzariek dantza-interbentzio bat egingo dute erakusketaren espazioan.
- Azaroak 19: 12:30ean, Adolfo Canillas Sacristan egilearen Viva la Paz antzezlanetik irakurritako antzerki bat egongo da, "Pro-ismo Cero" konpainiako Adolfo Canillas Sacristán, Belén eta Yayo Vicente Arandia aktoreen eskutik.
- Azaroak 23: Hainbat obrari buruzko iritziak partekatu ahal izango dira egileetako batzuekin.
- Azaroak 25: 18:00etatik aurrera poesia errezitaldia egongo da Loly Garcia, Yoselin Martin, Aurora Nieva, Maria Blanca Ochoa eta Charo Martinezekin.
- Azaroaren 30: Ikusgai dauden lanen egileekin hitz egin ahal izango da.
- Abenduak 2: 18:00etatik aurrera, poesia errezitaldi berri batera joateko aukera egongo da, Rosi Puelles, Yoselin Garcia, Txaro Garcia eta Azalea Beltzen eskutik.