Gazteentzako bideo-podcast tailerra egingo da Faktorian hurrengo bi larunbatetan. Azaroaren 18an izango da lehen saioa, eta 25ean bigarrena. Bi ordu iraungo dute biek ala biek, 10:00etatik 12:00etara. Hala ere, saio irekiak izango dira. Hau da, aukera egongo da bietan edo bakar batean parte hartzeko.
Izen ematea libre eta doakoa izango da eta ondorengo bide bat baliatuta egin daiteke: 688 84 81 52 telefonora deituta edo Whatsapp mezua bidalita eta erredakzioa@aiaraldea.eus helbidera idatzita.
Urtxintxa Eskolak eta Aiaraldea Komunikabideak antolatu dute ekimena elkarlanean, 'Udazkeneko Multimedia Eskolak' egitasmoaren barruan, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Beste hainbat jarduera ere egiten ari dira programa beraren barruan: kazetaritza eta multimedia tailerrak eskainiko dituzte eskualdeko hainbat hezkuntza zentrotan eta, horrez gain, Gurasoentzako Multimedia Eskola ere egingo dute datorren astean, Faktorian hau ere.
