Bost domina eskuratu dituzte Laudioko Tenis Klubeko jokalariek Arabako Master Txapelketan

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 15a, 15:30

Ander Urquiza, Sare Esturo eta Jon Luja txapeldun izan ziren euren kategorietan eta Irati Castedo eta Garazi Gardoki, aldiz, bigarren izan ziren.

Asteburu zoriontsua izan dute Laudioko Tenis Klubean. Izan ere, Arabako Master Txapelketan aritu dira (lurralde historikoko kategoria bakoitzeko zortzi jokalari onenek parte hartzen dute proban) eta bost domina ekarri dituzte etxera. Gasteizko Peña Vitorianan jokatu zuten proba.

Zehazki, Ander Urquiza haur kategoriako txapelduna izan zen, baita Sare Esturo eta Jon Luja, biak 10 urte azpiko kategorian. Bigarren postua eskuratu zuten Garazi Gardokik -Esturoren aurka jokatu zuen finala- eta Irati Castedok, junior kategorian.  

Klubak goraipatu du kirolari laudioarrek gaitasuna dutela Gasteizko zein hiriburuko bestelako klubekin lehiatzeko, nahiz eta herri batekoak izan.

Halaber, azpimarratu dute tenisak osasun oso ona duela udalerrian, parte hartzaile ugarirekin. Hain zuzen, hasi den denboraldian ekin diote klaseak eskaintzeari Latiorro Eskolan, La Milagrosa Ikastetxean eta Laudio Ikastolan.

Edonola ere, laudioarrek erronka gehiago izango dituzte berehala. Adibidez, Sevillara joko dute nazioarteko txapelketa batean lehiatzeko eta asteburuan Errioxako, Eusko Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako tenis jokalarien kontra neurtuko dituzte indarrak, Espainiako Estatuko bigarren mailara igotzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide