Bisita berezia jaso du Laudiok gaur goizean, Maria Velasquez ekintzailearen eskutik. Guatemalako Emakumeen Sektoreko Aliantza Politikoko (APSM) bozeramailea eta Abya Yalako Giza Eskubideen defendatzailea da Velasquez, eta bi erakunde horien zein bere herrialdeko egoerari buruz mintzatzera bertaratu da Laudiora.
Goizean goiz iritsi da herrira, hitzaldia eskaini baitie Bigarren Hezkuntzako ikasleei, Lezeaga aretoan. Udaletxera joan da jarraian, bertako pleno aretoan egin baitiote harrera ofiziala Udaleko ordezkariek eta Laudioko Mugimendu Feministako kideek.
Emakumeen Sektoreko Aliantza Politikoari buruzko zertzelada batzuk eman ditu Velasquezek. Zehaztu duenez, 32 erakundek osatzen dute aliantza hori, eta hainbat profil eta errealitateetako emakumeak batzen ditu: “indigenak, sexu transak, sexu langileak…”.
Ekonomia feministan eta zaintzaren ekonomian sakontzea da mugimendu horren xedeetako bat. “Jende orok daki emakumeok egiten dugun lanak sostengatzen duela gure herrialdeetako ekonomia, familia ekonomia, ekonomia komunitarioa eta munduko ekonomia”, azaldu du ekintzaileak plenoan. Velasquezen aburuz, ordaindu gabeko zaintza lanak aitortu egin behar dira eta herritar guztiek hartu behar dituzte euren gain, ortzimuga argi batekin: “ongi bizitzea, bizitzaren sarea zainduz”. Ildo horretan jarraituko dutela aldarrikatu du militanteak, “eskubide indibidual zein kolektiboen alde borrokan”.
Herri Babesareak gonbidatuta
Herri Babesareak gonbidatuta dago Velasquez bira egiten Euskal Herrian barrena. Erakunde horretako kideek gogorarazi dute antolatzen duten 5. bira dela honakoa, “giza eskubideen defendatzaileak diren pertsonak” babestea helburu. Aldarrikatu dute sarea aniztasunean oinarritzen dela, lurralde, tamaina eta ordezkaritza politiko ezberdinetako udalek parte hartzen dutela goraipatuta.
Ildo horretan jarraitzeko asmoa dute datorren urtean, eta beste proiektu bat ere jarri nahi dute abian. Giza eskubideak egiaztatzeko misio bat jarri nahi dute martxan, eta udaletako ordezkariak bertan parte hartzera bultzatu. “Ez dugu dirurik izango 12 pertsona bidaltzeko, baina batzuk bai”, aurreratu dute Herri Babesareako kideek.