ARETAKO EMAKUMEAK

“Guretzako ekintzak antolatzetik Aretako komunitate osoarentzako ekintzak egitera igaro gara”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 18a, 11:46

Hainbat belaunalditako emakumeek osatzen dute taldea. / Aiaraldea.eus

ARETAKO EMAKUMEAK taldea 2019an sortu zen, eta hainbat ekimen antolatu ditu ordutik hona. Hainbat jardueraz osatutako egitaraua aurkeztu du azaroaren 25aren testuinguruan, baina ez dute data horretara mugatu nahi. 

Duela urte batzuk sortu zenuten Aretako Emakumeak izeneko taldea. Nola sortu zen batzearen ideia?

Tailer batzuetatik sortu zen, martxoaren 8 baten testuinguruan. Talde handia ginen, eta talde txikiagoa eratu genuen gero, operatiboagoak izateko. 

Kultur Etxearen itxieraren testuinguruan sortu zen, espazio honetan ekintzak antolatzearen beharra ikusi genuenean. Tailerrak egin ostean sortu zen zeozer jarraituagoa egitearen ideia, bestelako ekimen eta formazioak antolatuz. 

Zer nolako bilakaera izan du taldeak ordutik hona (tartean pandemia bat egon dela kontuan hartuta)?

Lehenengo tailerrean jende asko egon zen eta gero bai egin zela beste bat murritzagoa. Hortik aurrera urteko hilabete batean zenbait jarduera egin dira: dantzak, tertuliak, proiekzioak, afariak…

Taldeko kideontzat pentsatutako ekintzak egiten genituen lehenbizi, baina iaztik hasi ginen ekintza zabalagoak egiten, hemen antolatu genuen Areta mailako azaroaren 25a, adibidez. Aurten antolatu ditugun gauzak ere gehiago izan dira komunitateari begira, taldea eratzen dugunon begira baino. Zabaldu eta gizarteratu gara. 

Taldearen barruan ere egon da sentsibilizazio prozesu bat, izan dugu bilakaera bat, eta Aretako gainontzeko biztanleak ere sentsibilizatzeko beharra ikusi dugu gero. 

Tailer batzuen erabiltzaile izatetik eragile ba izatera pasa zarete, beraz. Zergatik ikusi zenuten antolatzeko beharra?

Hasi ginen jarduera zehatz bati begira antolatzen, eta gustatu egin zitzaigun sortu zitekeen espazioa eta bertatik sortu zitekeena. Gustuko izan genuen eta interesgarria iruditu zitzaigun egitea. Ez ginen antolatzen hasi Aretan ematen zen egoera zehatz bategatik. Gauzak egiten hasi ginen  eta orduan ikusi genuen sortzen zen espazio hori baliagarria suertatu ahal zitzaigula. 

“Hilabete hau baliatu dugu azaroaren 25aren testuinguruko jarduerak egiteko, baina gure asmoa ez da horretan bakarrik zentratzea”

Belaunaldi ezberdinetako emakumeak batu zarete taldean. Horrela sortu da edo berariaz sustatu duzue belaunaldi ugari batzea?

Aretan dagoen edozein taldetan topatu dezakezu 17 urteko gazte bat 40 urteko batekin. Gainera, antolatu genituen lehen hitzaldietan ahalegin berezia egin genuen belaunaldi ezberdinetako jendea batzeko. 
Aretan beti egon da eskaintza sozial eta kulturala, eta pandemia iritsi eta Kultur etxea itxi zenetik baina nabaritu da horren falta. Orduan ikusi genuen, espazioa genuela, eta baita gauzak egiteko gogoa ere. Azaroaren 25eko ekimenak egin ditugunean plaza bete egin da. Azaroaren 25ean ekintzak antolatzen dira eskolatik, eta egun horretan klaseen ostean antolatzen diren tailerrek harrera ona dute. 

Faktore guzti horiek ere eragina izan duten taldearen eraketan. Barne mailako kontuak ekitaldi publikoekin uztartzen ditugu. Jorratzen ditugun gaiak interes publikokoak direla uste dute, jendarte osoari eragiten diotelako, ez soilik emakumeei. Horregatik, guretzat erabilgarria den bezala, beste edozein pertsonarentzat ere izan daiteke. 

Gure helburua ez da izan ezta talde oso jendetsu bat eratzea. Hitzaldi bat antolatu eta 20 pertsona edo gutxiago batu garenean, adibidez, hori da helburua: bertaratzen den jendearen arteko saretzea ematea gure artean; eta gero, data konkretuetan jende gehiago batzen bada, hobeto. Taldeari jarraikortasuna ematea zen helburua. 

Ekintza ugari antolatu dituzue datozen asteetarako. 

Urriaren 31n La bicicleta de Lola hitzaldia egon zen eskolan, izen bereko liburuaren egilearekin. Asteartean formazioa izan genuen Sortzen erakundeko kideen partez. Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeekin lan egiten duen aholkularitza talde bat da Sortzen, eta aholku ugari eman dizkigute indarkeria matxistaren kasuak detektatzeko. 

Atzo -azaroak 17- kontzertua izango genuen Aine taldearekin, eta afaria. Jarduera hori emakumeentzat bakarrik izan da, ez da mistoa izan.

24an, umeak eskolatik ateratzean, txapak eta pankarta egiteko tailerra egongo da, eta txokolatada. 25ean, aldiz, eskualdeko mobilizazioetara batuko gara. 

Hilabete hau baliatu dugu azaroaren 25aren testuinguruko jarduerak egiteko, baina gure asmoa ez da horretan bakarrik zentratzea. Beste komunikazio bide batzuk zabaldu ditugu elkarte ezberdinekin, gure sentsibilizazioarekin bat datozela uste dugulako. Ez dugu indarkeria matxistaren gaira mugatu nahi, bestelako formazio edo eskaintza batzuk ere eskaini nahi dizkiogu gizarteari. 

Horri begira, zer asmo dituzue aurrera begira?

Hilero zerbait egitea planteatzen dugu, edo saiatzea (barreak), ea lortzen dugu. Taldeari jarraikortasuna eman nahi diogu taldeari. 

Emakumeren batek taldean parte hartu nahiko balu, zer egin beharko luke?

Ez dugu komunikazio kanalik, Whatsapp taldea baino ez. Azken finean, egunero ikusten dugu elkar (barreak). Areta ez da oso handia, denok ezagutzen gara eta badakigu gutxi gorabehera  nor mugitzen den saltsa bakoitzean. Gauzak hala, emakumeren batek taldean parte hartu nahiko balu, gugana jotzea izango litzateke errazena. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide