Mikel Ayllon zuzendari eta Igor Arzuaga musikari duen Hau gerra bat da antzezlana prest dago jadanik publikoak ikus dezan. Aiaraldeko sortzaileekin batera Irati Agirreazkuenaga eta Iholdi Beristain antzezleak igoko dira oholtzara gerraren barrunbeetan sartzen den lan hori aurkezteko. Antzerkia, dantza, musika eta hitza nahasten ditu obrak, berezitasun batekin: kontakizunaren zenbait unetan, ikusleek erabakiko dute zein bide hartu.
Gerrari buruzko hausnarketa hau egiteko Hizkibridoak beka eskuratu zuen Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Bilboko Euskararen Etxean izango da lehen emanaldia azaroaren 29an. Gero Azpeitiko Sanagustinen (abenduaren 14an) eta Laudioko Kasinoan (abenduaren 26an) ikusi ahal izango da.
Gerraren eta haren alderdi desberdinei buruz taldea egiten ari den hausnarketa artistikoaren barruan kokatzen da pieza berria. Aurretik, Bunker, formatu txikiko ikuskizuna, eta Hau ez da gerra bat, formatu handiko antzezlana, estreinatu zituen konpainiak. Hain zuzen ere, abenduaren 2an, larunbatean, 20:00etan, Hau ez da gerra bat Amurrio Antzokian eskainiko dute. Bikote haustura bat eta gerra baten hasiera nahasten ditu kontakizunak.