Laudioko EAJk aldarrikatu du aurreko udal gobernu taldeak egindako lana partaidetzaren esparruan eta horren adibidetzat jo ditu Lamuzako haur-parke berria edo Aretan eta Lamuza parkean eraikitako erabilera anitzeko kirol-kantxak. Horrez gain, Aldai Plazako haur-parkearen estalkia nabarmendu dute: "233.000 euro bideratu ditugu proiektu horretara, udalerriko erdigunean haurrentzako jolasgune estali berri bat sortzeko, hori baita gure herritarren eskaera nagusietako bat".
Jeltzaleen aburuz, aurrekontu parte-hartzaileak tresna garrantzitsua izan ziren eta, 4 urtez, Laudion Kulturaren Plan Estrategikoa idaztea, kiroldegiko kantxa berritzea, Nerbioi ibaia garbitzea, pumptracka eraikitzea edota Latiorron rokodromoa instalatzea ahalbidetu zuten.
Edonola ere, EAJk gogoratu du bestelako egitasmoak onartu zituztela eta EH Bilduk eta Omniak osatutako gobernu taldeak tintontzian utzi dituela: Lanbide Heziketako zentroaren aurrean dagoen aparkalekua denbora-muga duen doako tokia bihurtzea, oztopo arkitektonikoak eta puntu beltzak ezabatuko dituen Irisgarritasun Plan berria idaztea, txakur-gorotzak garbitzeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina egitea, bizikleta elektrikoak mailegatzeko puntuak instalatzeko azterketa egitea edo Lamuza parkean dagoen skatepark-a berritzea.