Aiala Vidrioko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek bilera egin zuten atzo. Bi izan ziren hitzorduaren ardatzak. Alde batetik, AV1 labearen funtzionamendua etetea abenduaren 19an, salmenten gainbeheragatik.
Bestetik, konpainiak proposatzen dituen neurriak azaldu zituzten, bere ustez soberan dauden 90 langileak kaleratzeko. Zuzendaritzak azpimarratu du ez dituela baldintzak hobetuko inondik inora eta ez dituela negoziatuko.
Konpainiak zazpi bide eskaini ditu beharginek enpresa utz dezaten adostasunez edo beste modu batean jarrai dezaten:
- Azpikontratek egiten duten lana fabrikako langileek egitea (besteak beste, garbiketa).
- Orduen kudeaketa, lehen urteko oporrak zein ordu gehigarriak. Izan ere, beharginek lehen urtean ez dituzte opor guztiak hartzen, erretiroa baino lehen gozatzeko.
- Lanpostuen mugimendua eta aldaketa. Kasu horietan, maila apalagoko betebeharrak egiten dituztenek aurreko soldata mantenduko dute, aktibitate osagarria salbu.
- Borondatezko irteerak sustatzea. 61, 60 eta 57 urtetik gorakoen artean. 61 urtekoei kaleratze objektiboa proposatuko diete. 60 urtekoei soldata gordinaren %75 proposatuko diete 63 urte bete arte eta 57 urte edo gorakoei soldataren %70 63 urte bete arte.
- 57 urte baino gutxiago dituzten langileen artean enpresa prest dago urteko 30 eguneko kalte ordaina kitatzera, 18 hileko soldatarekin edo 100.000 euroko mugarekin betiere.
- Adin tarte horretan daudenen esku utziko du ere 12 edo 24 hileko eszedentzia hartzea, 550 euroko soldatarekin. Berriro lanera itzultzean, aurreko baldintzak izango lituzkete.
- Lanaldi murrizketak ere bultzatu nahi ditu enpresak, bereziki, lanaldi erdiak ezartzeko.
Horrez gain, behin-behineko kontratuak modu jarraituan izan dituztenei eskainiko diete urteko 20 eguneko kalte-ordaina, 12 soldatetakoa gehienez.
Iturri sindikalek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari ez dutela uste enpresak 90 kaleratze lortuko dituenik neurri hauekin.
Hurrengo urtean, enplegua erregulatzeko espedientea
Azkenik, zuzendaritzak ziurtatu zuen 2024an hainbat inbertsio gauzatuko dituztela lantegian. Besteak beste, AV3 labea hobetuko dute eta bitarteko horren jarduera eteteko beharra egongo da. Hori dela eta, enplegua erregulatzeko espedientea abiatuko dute.