Gaur goizean, 10:00ak baino lehen, gidari batek istripua izan du Lamuza Parkeko zubi batean, zehazki, Ugarte auzoan dagoen batean.
Gidariak lan bat aurkeztu behar zuen Kasinoan eta kanpokoa denez, GPS baten azalpenak baliatu ditu bidea egiteko. Gailuak adierazi dio zubi hori zeharkatu behar zuela, albokoa igaro ordez.
Autoaren jabeak berak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, arraroa iruditu zaio hori izatea bidea, baina bezeroari deitu dio eta honek ziurtatu dio zubia zeharkatu behar zuela.

Aurrera egin du autoarekin eta ibilgailua harrapatuta geratu da eskaileretan. Izan ere, ezin zuen ez atzera ez aurrera egin.
Udaltzainak bertaratu dira parkera eta aipatu diote gidariari ez diotela inolako isunik jarriko. Handik gutxira agertu da garabia eta autoa eraman du.