Aiaraldeko 300 ikasle elkartu dira Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldian

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 29a, 19:27

Gaur ospatu dute Laudion Euskarazko Kultura Digitalaren Xare Jardunaldiaren lehenengo ekimena. Aiaraldeko batxilergo mailako hirurehun ikasle elkartu dira IKT arloan euskararen erabilera sustatu, eta euskarazko kultura digitala ezagutzeko helburuarekin.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arloan euskararen erabilera sustatu eta euskarazko kultura digitala ezagutzera emateko helburuarekin Xare, Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien lehenengo ekimena burutu dute gaur Laudion. Bertan izan dira Laudio Institutuko, Zaraobe Institutuko eta Laudio Ikastolako batxilergo mailako hirurehun ikasle.

Lamuza Parkeko Kasinoan egin dute harrera ekitaldia 9:00etan, eta, jarraian kultura digitalean murgiltzeko hiru espazio desberdinetan banatu dira ikasleak: Kultur Etxeko Ikas Aretoan, Liburutegi zaharreko Era Aretoan eta Lezeaga espazioko Jolas Aretoan. 3D inprimagailuak, bideo-joko mahaiak, musika nahasteko aplikazioak, errealitate birtualarekin jolasteko lanabesak eta beste hamaika dispositibo digital martxan izan dituzte gazteek goizean.

Musikak ere izan du bere tokia gaurko jardunaldietan. Sara Zozaya artista donostiarrak kontzertua eskaini die gazteei Kasinoan.

Xare zikloa

Ikasturte honetan zehar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herri bisitatuko ditu Xare zikloak. Laudio izan da bide horretan lehen geralekua. Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, “kultura digitala Gasteiztik ateratzearen garrantzia” azpimarratu du harrera ekitaldian. Laudioko Udal Gobernuko ordezkari gisa bertan izan diren Ainize Gastakak eta Nagore Gomarak ere "poz handiarekin" hartu dute Laudion ospatutako ekimena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide