Ezohiko doinuak nagusitu ziren iragan larunbat gauean Orbeko Etxean. Djiin eta Falç de Metzinera taldeak igo ziren Laudioko Gardea auzoko gune autogestionatuko oholtzara, eta stoner zein folk doinuak plazaratu zituzten, hurrenez hurren; hori bai, beste hainbat doinu motarekin nahasturik.
Asteburu honetan ere ekintza ugari egongo dira baserri okupatuan. Gaur, ostirala, Nakkiga eta Arde taldeek joko dute. Eskualdeko musikariak daude bi proiektu horien atzean, eta split bat (elkarlanean eginiko diskoa) plazaratu dute elkarrekin. Lan hori aurkeztea izango da gaurko jaialdiaren helburu nagusia.
Bihar, aldiz, tailandiar eta polinesiar tatuaien erakusketa egongo da toki berean, 10:00etatik 18:00etara. Gauean, aldiz, metal doinuak nagusituko dira, Unbounded Terror, Psilocybe eta Golgotha taldeen emanaldiekin.
Argazkiak: @elcerdogrunge