Etorkizunean egon daitezkeen grebei begirako protokoloa zehaztu du Apill-ek

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abe. 6a, 18:34

Laudioko hainbat saltokik jarri dituzte tokiko merkataritza eta ostalaritzaren aldeko afixak erakusleihoetan. / Aiaraldea.eus

Merkatari elkartearen arabera, establezimendu asko "ixtera behartuta" sentitu zuten euren burua iragan ostegunean eginiko Greba Feminista Orokorrean. 

Eztabaida sortu du iragan osteguneko Greba Feminista Orokorrak Laudioko merkatari eta ostalarien artean. Apill-ek batzarra egin zuen greba baino hiru egun lehenago, gaia lantzeko, eta bertan ateratako ondorioak partekatu zituen gero, grebaren biharamunean. 

Mertakari eta ostalarien elkarteak nabarmendu du "ehuneko ehunean" errespetatzen dituela grebaren arrazoiak, baina gaineratu du "pertsona eta establezimendu bakoitzak bere independentzia" izan behar duela grebaren aurrean nola jokatu erabakitzeko. Horri lotuta, "errespetu gehiago" eskatu dute "merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorearentzat", eta "ezinegona" helarazi diete greba feministaren antolatzaileei. "Gure ustez, mobilizazioen transmisore huts gisa baino ez gaituzte erabiltzen, baina ez gaituzte kontuan hartzen erabakitzerakoan (aukeratutako data, protesta egiteko modua eta abar)". 

Apill-eko kideek nabarmendu dute sektorearen egoera "kritikoa" dela une honetan eta, ondorioz, ez dela "kontsumo-greba bat" antolatzeko unea.

Apilleko kideek uste dute establezimendu asko "ixtera behartuta" sentitu zutela euren burua iragan ostegunean eginiko Greba Feminista Orokorrean, eta horrek "gastu-ihesa" eragin duela, jendeak beste toki batzuetara jo zuelako erosketak egitera. 

Ildo horretan, elkarteko kideek nabarmendu dute sektorearen egoera "kritikoa" dela une honetan eta, ondorioz, ez dela "kontsumo-greba bat" antolatzeko unea. "Negozioek ezin dute egun osoko itxiera onartu". Zehaztu dutenez, azken 5 urteetan 46 saltoki itxi dira herrian, "9 establezimendu urteko, batez beste". Horri lotuta, "auzokideen, erakundeen eta instituzioen laguntza" eskatu dute, "tokiko kontsumoa sustatzeko". 

Jarduera protokoloa

Gauzak hala, etorkizunean egon daitezkeen bestelako grebetarako protokoloa zehaztu du Apill-ek. Funtsean, ezohiko batzar bat egingo dute horrelako mobilizazio egunak deitzen direnean, eta bertan erabakitakoaren berri helaraziko diete gero bazkide guztiei. Erabakia, baina, ez da loteslea izango; hau da, merkatari bakoitzaren esku geratuko da azkenean grebarekin bat egin edo ez erabakitzea. 

Omniaren oharra

Omniak ere oharra plazaratu zuen sare sozialetan grebaren biharamunean. Alderdi laudioarreko kideek azaldu zuten grebarekin bat egin zutela, baina ez zirela arratsaldeko mobilizaziora bertaratu, "zenbait pertsona eta negozio ixteko erabili diren moduengatik". Horri lotuta, talde politikoko kideek nabarmendu dute pertsona bakoitzaren hautua izan behar dela mobilizazioekin bat egin edo ez erabakitzea. 

Hego Euskal Herri osoan egin zen Greba Feminista Orokorra ostegunean, mugimendu feministak gehiego sindikalarekin batera deituta. Aiaraldean jarraipen zabala izan zuen egitasmoak, eta Laudio zein Amurrioko saltoki eta taberna gehienek itxi zuten. Saltoki handiago batzuk, aldiz, ateak ireki zituzten, Eroski kasu. Laudioko piketeak ordubete baino gehiago eman zuen merkatal gune horretako sarrera blokeatzen. 

Hemen ikusi daiteke grebak eskualdean utzitakoen bideo-laburpena:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide