Eskolania Arte On gazte abesbatzak 10 urte bete ditu eta ikuskizun berezia prestatu du efemeridea ospatzeko. Zehazki, musikala sortu dute. Felix Primo egitasmoaren sortzaileak azaldu du abestiak musikal anitzetatik hautatu dituztela eta gero gidoia idatzi dutela.
"Gidoia sortzeko orduan eta antzezleak zuzentzean Aitor Urquijo Oihala Zabaltzeneko kidea izan dugu lagun eta oso eskertuta gaude", aipatu du Primok. Edonola ere, musika zuzendaritza lanak Imanol Ganboarenak dira, ohikoan bezala.
Taldearen urtebeteko prestaketaren emaitza Kasinoan ikusi ahalko da 18:00etan eta 20:00etan, eta sarrera doakoa eta librea izango da edukiera bete arte. Hori bai, publikoari eskatu diote gogotsu eta txalotzeko prest joatea.
Eskolania Arte Onek Kulturlab taldeari eskertu dio egindako ekarpena apainketaren garapenean, baita antolakuntzan ere.
Egindako ahalegina ezer ezean gera ez dadin, Laudiotik at ere eskainiko dituzte emanaldiak: Castron, Miranda de Ebron, Amurrion, Lekeition...
Felix Primo oso zoriontsu agertu da egitasmoarekin eta azpimarratu du Arte On Eskolaniak hasieratik bilatzen zuen helburua bete dutela proiektu honekin, hau da, arte eszeniko anitzak lantzea.