Laudio Tenis klubak inoiz eskuratutako emaitzarik onenak ekarri ditu Sevillan jokatutako Babolat nazioarteko txapelketatik. Hain zuzen, Jon Luja txapeldunordea izan zen 10 urte azpiko txapelketan eta Ander Urquizak, nahiz eta lehen kanporaketan galdu, oso partida ona egin zuen Yue Yu jokalari txinatar profesionalaren kontra. "Oso sasoi onean zegoen bere aurkaria eta mundu osoan jokatzen du. Hori aintzat hartuta, partida bikaina jokatu zuen", adierazi dute klubaren arduradunek.
Jon Luja, bere aldetik, hiru norgehiagokatan gailendu zen eta Eros Longhena italiarraren aurka galdu zuen. Abenduaren 10ean izan zen finala.
Laudio Tenis Klubak azpimarratu du oso emaitza onak eta garrantzitsuak direla eta tokiko kirolariek sekulako maila erakutsi dutela estatuko puntako tenislari zein nazioarteko kirolari profesionalen kontra. "Uste dugu meritu handia duela egin dutena, egunero hainbat orduz profesionalki trebatzen diren mutilen aurka lehiatu baitira", aldarrikatu dute.