Altzarrate Sarien VIII. edizioa ospatu zuten Laudioko kasinoan atzo iluntzean. Altzarrate Elkarteak sustatutako ekimenak azken urtean kirol eta kultura arloetan nabarmendu diren laudioarrak saritzea du helburu.
Julen Burgosek girotu zuen sariketa, eta berak konposatutako lau abesti hautatu zituen horretarako.
Bost sari kulturgile eta kirolariei
Alejandro Casquerok jaso zuen gaueko lehenengo aitortza, Hodei Oleagaren eskuetatik. Amurrioarrak sei denboraldi daramatza CD Laudioko koloreak defendatzen, eta "filosofia zuri-gorriaren adierazle" dela aldarrikatu zuten.
Ibilbideari eskainitako saria Enrique Oribek jaso zuen. Oribe 1980. urtetik da Herriaren Pilota Elkarteko kide, eta bizi osoa eman du pilotari lotua. Pablo Gorostiaga arduratu zen saria emateaz.
Kultura arloan, Iñigo Martinez Piti omendu nahi izan du elkarteak. Martinezek hamaika proiektu artistiko garatu ditu azken urteetan, eta Una quimera de vida liburua plazaratu du aurten. Bertan aletu ditu bere bizitzari eta desgaitasunari lotutako hainbat kontu.
Urteko kirolaria, aldiz, Iñaki Carro izendatu du Altzarratek. Azken urtea borobila izan da Carrorentzat. Espainiako txapeldun izendatu da ziklokroseko master 30 kategorian, eta BTTn ere lorpen ugari erdietsi ditu.
Azkenik, San Roke Musika bandak jaso zuen Altzarrate Sari Berezia. Sandra Veiga zuzendariak hartu zuen oroigarria, banda guztiaren izenean. Veigak musika bandako kide guztiei eskaini zien aitortza: "Izan direnei, orain direnei eta, batez ere, bandako kide izango direnei".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!