ARGAZKIAK

Jarduera festa eta "performace kutsuarekin" borobilduko du urtea Kulturlab 03 espazioak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abe. 21a, 07:00

Data biziak izan dira hauek Laudioko Kulturlab 03 espazioan. Hitzaldi eta ikuskizunez beteriko egunen ostean, urteko azken emanaldiei heltzeko prest daude Kulturzaleak elkarteko kideak. Jarduerekin amaituta, espazioa berritzeari ekingo diote.

Urtea ekintza zaparrada batekin agurtuko dute Kulturzaleak elkarteko kideek. Azken egun hauetan hainbat jarduera eta ikuskizun izan dira Elizalde kaleko burdindegi zaharrean. Alde batetik, Basque Biodesing Centerrek biometerialen inguruko ikastaroa eskaini zuen. Antolatzaileek oso "interesgarritzat" jo dute ekimena, eta bertaratutakoek material berriak ezagutu eta hauekin sortzeko parada izan zuten.

Bestetik, Ane Gebara eta Aitor Vinagretek Zelako Marroia antzezlana taularatu zuten. Azkenik, Iñigo Segurola paisajista ezagunak hitzaldia eskaini zuen, botanika, umorea eta ironia uztartuz.

Kultur Parke berriari begirada

Kulturlab 03 espaziotik kanpo ere lan eta lan aritu da elkartea. 2021ean burututako Kulturkon prozesuaren ideiak bildu eta Laudio Institutuko ikasleei aurkeztu zizkieten. Bertan ikasleen ideiak batu zizkioten Laudioko Kultur Parke berrirako egindako proposamenari. Esperientzia berri honetan sakontzeko asmoa dute datorren urtean ere.

Urte amaiera borobila

Urtea jarduera festa eta "performance kutsuarekin" itxiko dute Kulturlab 03 espazioan. Batetik, burdindegi zaharra liburuz betetzeko asmoz, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean egongo da azken aukera eleberri zaharrak bertan uzteko. Horri lotuta, ostiralean bertan La familia inventada antzerki taldeak performance artistikoa eskainiko du, "idazketaren eta irakurketaren goraipamena ardatz hartuta".

Abenduaren 22an 21:00etan, aldiz, Goiatz Duttok kontzertua eskainiko du espazioan. Bertan, musikari laudioarrak bere sorkuntzarik pertsonalenak erakutsiko dituela iragarri du. "Gaualdi ahaztezina izango da, Laudion kultura garaikide eta sortzaileen aldeko beste urte bateko ahalegina ospatzeko, eta urte bat gutxiago geratzen dela Lamuzako Sorkuntzaren Parkearen bidean ospatzeko ere", adierazi dute antolatzaileek.

Jarduera hauek espazioan burutuko diren azkenak izango dira. Izan ere, urte berriarekin batera burdindegi zaharra goitik behera berriztuko dute: "Lehenengo fasea 2024ko lehen hiruhilekoan egingo da. Horietan lokala hobetu ahal izatea espero dugu eta, gainera, gaur egun duen xarma historikoaren zati handi bat mantentzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide