Laudioko EAJk EH Bilduk eta Omniak osatzen duten udal gobernu taldeko lehen sei hilabeteko balorazioa egin du, eta, jeltzaleen iritziz, "erakundearen jarduera moteldu dute".
Ander Añibarrok, taldeko buruak, argudiatu du hori ez dela iritzi hutsa, baizik eta datu objektiboen emaitza: "Inbertsioak gelditu dira, Europar Funtsen 1.600.000 euroak galdu dira eta bitarteko propioekin ordaindu beharko da Abasto Plazako birgaitzea, eta 2024ko aurrekontuak ez dira egongo urtea hasi baino lehen, azken lau urteetan ez bezala".
Bozeramaile jeltzaleak leporatu dio egungo udal gobernu taldeari aurrekoak egindako ahalegina ezer ezean uztea zabor eta estolderia tasen kobrantzan: "Aurreko lau urteetan lortu genuen 2017tik atzeratuta zeuden fakturak eguneratzea eta aurtengoa, aldiz, 2024an kobratuko dute".
Udal aurrekontuak eta legealdi plana
EAJk kritika gehiago izan ditu EH Bilduren eta Omniaren aurka. Izan ere, bere ustez, ez daukate proiekturik Laudiorentzat: "Oso ondo dago herritarren partaidetza sustatzea eta egia da bultzada eman diotela, baina ezin da herritarren gain utzi proeiktuei buruz erabaki guztiak hartzea. Auzo batzarretan esan dute aurrekontuak urte hasieran egongo direla, baina oposizioak ez du horren berririk eta, oro har, bost hilabeteko lana da hori. Halaber, legealdiko plana ere ez dute aurkeztu, ez dakigu existitzen den edo ez. Ez dugu sumatzen proiektu argirik duten".
Bide batez, Añibarrok adierazi du ondo dagoela herritarren parte hartzea, "baina oposizioarena hutsaren hurrengoa da". Alkate ohiak azpimarratu du tantaka heltzen zaiela eskatzen duten informazioa eta urrian udalbatzan exijitutako informazioa oraindik ez dela heldu.
Bozeramaile jeltzaleak azaldu du ordenantza fiskalen kasua adierazgarria dela zentzu horretan: "Astebetean onartu zituzten. Ekarpenak egiteko tartea oso txikia izan zen, eta, gainera, ez zituzten kontuan hartu".
EAJren proposamenak
Bestalde, jeltzaleek aldarrikatu dute oposizioan egiten duten lana. "Beste batzuek egindakoaren kontrara, guk babesten ditugu herria hobetzera bideratzen diren egitasmo guztiak eta ia sistematikoki bozkatu dugu aurkeztu diren jardueren alde. Ez dugu abstentzioa baliatzen. Guk Laudio hobea egitearen alde gaude, alegia", ziurtatu du Añibarrok.
Horri lotuta, EAJk hamar helburu ditu legealdi honetan bultzatzeko eta etxez etxe banatuko duten aldizkari batean aletu ditu. Zehazki, honako hauek dira:
- Kultura, kirol eta gizarte elkarteen dirulaguntzak %5ean handitzea eta ikuspegi feminista bultzatzea.
- Adinekoen zentroaren handitzeko bigarren fasea egikaritzea
- Landaluze auzunea birgaitzeko plan integrala gauzatzea; haur parkea eta aparkalekuak eginda.
- Haurreskola berria egitea Goikoplazan.
- Gazteen enplegurako eta emantzipaziorako plana sortzea.
- Gazteleku berria irekitzea.
- Aretako Kultura Etxeko irisgarritasuna hobetzea eta kudeaketa eredu berria ezartzea, orain jabego publikoa dela.
- Hobariak prestatzea tokiko zergetan merkatari eta ostalarientzat.
- Gardeako Zentro Soziala hobetzea, baliatuta kirolazpiegiturei esker jende andana igarotzen dela handik.
- Enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntza lerroak abian jartzea, ingurumen erantzukizuna eta jasangarritasuna ardatz.