Pasa den astean Laudioko hainbat gaztek bi antzezlan taularatu zituzten Kasinoan: Bidean galdurik eta Sorgindutako basoa. Sorlasean egitasmoaren barruan eskaini zuten emanaldi bikoitza eta jende andana bertaratu zen ikasturteak utzitako emaitzak ikusteko.
Izan ere, Sorlasean ekimenak (Laudioko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean) antzerkigintzan sartzea proposatzen die laudioar gazteei eta, iaz hamaika gazte baziren taldean, aurten kopurua bikoiztu dute eta bi talde osatu dituzte.
Josune Garcia de Vicuñak bideratzen ditu saioak. Hiru ardatz ditu egitasmoak, bere hitzetan: "Arte eszenikoak, emozioak eta euskara. Antzerkigintza da bidea emozioak lantzeko eta hobeto ezagutzeko, eta euskaraz egiteak laguntzen du sentimendu horiek hizkuntzara konektatzen".
Iaz hasi zen lanean Laudion eta aurten bi talde izan ditu. Lehenak Bidean galdurik taularatu zuen duela astebete Kasinoan. "Istorioaren protagonista neska bat da, zeinak bere etxea utzi behar duen munstro bat agertzen delako. Bakoitzak islatu dezake munstro mota bat: gerra, indarkeria...", azaldu du dinamizatzaileak.
Horren ondorioz, neskatoak bidaia luzea hasi beharko du. Pertsonaia anitzak topatuko ditu bidean, eta bakoitzak emozio bat edo aholku bat utziko dio: itxaropena, beldurra...
Gauzak horrela, protagonistak etxe berria topatuko du, baina hasiera gogorra izango da, ezberdina denez, batzuek bere aurka joko baitute, harik eta kide batek bere alde egiten duen arte. Orduan familia bilakatuko dira. Josune Garcia de Vicuñaren aburuz, enpatia jorratu dute kontakizunaren bitartez: "Euren etxea atzean utzi dutenen egoera ulertzeko".
Lehen antzezlan hori Sorlaseaneko iazko parte-hartzaileek eraman zuten oholtzara. Hamabi eta hamalau urte arteko gazteek eskarmentua izan zuten iaz eta gaitasunak dituzte jadanik ahotsa proiektatzeko edo patxadaz aritzeko.
Bigarren obra, Sorgindutako basoa, aurten hasi diren gazteek sortu eta antzeztu zuten. Urduri egon arren, aurrera eraman zuten arazo barik. Euren kasuan, iratxo batzuen borroka kontatu zuten, basoko zuhaitz guztiak moztu nahi dituzten aizkolarien kontra. Ingurumenaren aldeko ipuina izan zen.
Argazkiak: Sorlasean