Jai giroa nagusitu da gaur eguerdian Laudioko Resa Etxean, Espainiako loteriaren ‘El niño’ zozketaren lehen eta hirugarren sarien hainbat dezimo saldu baitituzte bertan. Lehen saria 94974 zenbakiarena izan da eta 200.000 euro jasoko ditu dezimo bakoitzak. Hirugarren saria, aldiz, 57033 zenbakiarena izan da, eta 25.000 euro banatuko dituzte dezimo bakoitzeko.
Orotara, Resa Etxeak hamar dezimo saldu ditu zenbaki bakoitzeko. Hau da, guztira, 2,25 milioi euro banatuko ditu, 2 milioi euro lehen sariarekin eta 250.000 euro hirugarrenarekin.
🔴 AZKEN ORDUKOA | 2,25 milioi euro utzi ditu 'El niño' loteriak Laudion. Lehen eta hirugarren sarien 20 dezimo saldu ditu guztira Laudioko Resa Etxeak 👇👇👇 pic.twitter.com/b1g74S0Lhc
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 6, 2024
Laudioko loteria saltokiko kideak oso pozik azaldu dira. Azaldu dutenez, txartel gehienak leihatilan bertan saldu dira. “Kaleko jendeak jaso du saria gehienbat”, nabarmendu dute, “Gabonetako zozketan sari txiki asko banatu genituen, eta horiek jasotzera etorri ziren askok hartu zuten dezimoa”. Hainbat bizilagun animatu dira Resa Etxera gerturatzera, eta xanpain artean ospatu dute gertakaria, hainbat komunikabideren aurrean.
