Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren aurkezpena egin zuten atzo Laudion, eta antolatzaileak oso pozik daude ekimenak izandako harrerarekin. Euren hitzetan, “eskualdeko 30 pertsona inguru” bertaratu ziren ekitaldira, profil ezberdinetakoak.
Hala azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari: “Alde batetik, krisi kapitalistaren testuinguruak kezkatzen duen gazte sektorea hurbildu zen, interesatuta dagoena bizi dugun egungo egoerari berehalako erantzun politiko gisa sozialismoaren gaurkotasuna planteatzen dion antolaketa-ereduan. Bestalde, aurreko ziklo politikoan parte hartu edo bizi izan zuen jende nagusiagoa ere bertaratu zen, ziklo politiko berri baten irekiera gisa ulertzen dugun proiektu politikoa ezagutzeko, parte hartzeko interesa zuena”.
Mugimendu Sozialistako kideek salatu dute “arku parlamentarioko alderdi profesional guztiak” kokatzen direla “eredu kapitalistaren barnean”, eta horren "alternatiba" moduan aurkeztu dute Kontseilu Sozialistaren sorrera
Antolakunde berriak “gaur egungo egoerari buruz egiten duen irakurketa” izan zuten hizpide Herriko plazako erabilera anitzeko aretoan eskainitako solasaldian, eta “berehalako erronka politikoak” ere azaldu zituzten.
Mugimendu Sozialistaren presentzia Aiaraldean
Abenduan aurkeztu zen Euskal Herriko Kontseilu Sozialista Eibarren, azken urteetan garatzen joan den Mugimendu Sozialistaren “erreferente politiko eta antolakunde nagusia” izateko helburuarekin. Orain arte, hainbat eragilek ezaugarritu dute mugimendu berri hori, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), besteak beste.
Aiaraldea mailan, orain arte, GKS eta Ikasle Abertzaleak antolakundeek garatu dute mugimendu sozialistaren jarduna, gazte eta ikasle esparruan, hurrenez hurren. Horrez gain, egungo Laudioko Gazte Asanbladak ere bat egiten du ildo politiko horrekin.
Hemendik aurrera jorratuko dituzten urratsen inguruan galdetuta, atzoko aurkezpeneko antolatzaileek azaldu dute “geroz eta gehiago” direla “Kontseilu Sozialistaren eskualdekako adierazpen politikoak”, eta Uribe Kostan berriki aurkeztutako tokiko kontseilua jarri dute horren adibide moduan.
Aiaraldean oraindik ez dute mota horretako antolakunderik sortu, baina tokiko langileria deitu dute mugimenduan parte hartzera, “oldarraldi ekonomiko oso bortitz honen aurrean, langileriak berarentzat eraginkorrak izango diren tresnak sortu ahal ditzan”.
Horri lotuta, Mugimendu Sozialistako kideek salatu dute “arku parlamentarioko alderdi profesional guztiak” kokatzen direla “eredu kapitalistaren barnean”. Horregatik uste dute agente horiek ez dutela “langileok bizi dugun miseriari aurre egiteko proposamenik eredu kapitalistaz kanpo”. Euren hitzetan, “ogi apurrak banatzera eta agintari kapitalisten aginduak betetzera” mugatzen dira alderdi horiek guztiak, eta horren “alternatiba” moduan aurkeztu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialista.
“Uste dugu ezin daitekeela antolakuntza independente bat garatu estatu kapitalisten logikaren eta instituzioen pean, eta ezin daiteke programa independenterik garatu, politika soilik parametro instituzionaletan eta kapitalismoaren mugen barruan pentsatzen jarraitzen den bitartean”, ondorioztatu dute. Horregatik, “antolakuntza sozialistara” batzeko deia zabaldu diote “langile-klaseari”.