Duela sei hilabete izendatu zintuzten Laudioko alkate. Nolakoak izan dira hilabete hauek?
Oso emozionanteak. Inbestidura eguna oso-oso intensoa izan zen, eta ordutik aurrera egun guztiak izan dira oso biziak. Hilabete potenteak izan dira; Martxan dagoen itsasontzi batera igoztea bezalakoa da, baina uste dut lortu dugula.
Nolakoa izan da aurreko gobernuarekin egindako botere-aldaketa prozesua?
Gogorra izan da egia esan. Esan bezala kudeaketa ez da gelditzen. Herri hau ez da txikia, eta udal-kudeaketa handia da. EAJren udal-gobernutik jaso genuen komentario bakarra pasilloetan jaso genuen: "teknikariek egin zitzatela traspasoak". Eskatu ondoren, bileratxo bat egitea lortu genuen, baina oso informala izan zen. Titularrak eman zizkigun soilik, eta ez dakizuna ezin duzu galdetu. Hain zuzen ere, hori da behar duzuna, ezagutzen ez dituzun gauzak jakitea. Zailtasun handia suposatu du guretzako. Ez ginen modu oldarkorrean atera gertatutakoa salatzera; elkarlana eta elkarbizitzarako oinarriak egotea da gure asmoa. Udalera sartu eta lehenengo gauza oposizioaren aurka jotzea izatea ez genuen positiboki baloratzen. Hori bai, ezin da berriro gertatu. Legealdi honetan baldintzak jarriko ditugu etorkizunean Udalak behar duen traspasoa nolakoa izango den arautzeko.
"EAJren udal-gobernutik jaso genuen komentario bakarra pasilloetan jaso genuen: 'teknikariek egin zitzatela traspasoak'"
Aldaketa aldarrikatu zenuten kanpainan, eta auzo-asanbladetan jarri duzue lehenengo mugarria. Zein da asmoa?
Auzo-asanbladetan jarri dugu abiapuntua. Guretzako oso espazio inportanteak dira; Udala eta auzoak elkartzeko oinarrizko espazioa dira. Gainera, Udala da auzoetara lekualdatzen dena. Hortik abiatuta ari gara auzo-kontseiluak sortzeko lanetan. Kontseilu hauek nahi dute izan auzoen eta Udalaren arteko harreman egonkor eta dinamikoa bilatuko duten espazioak. Auzo-asanbladetatik ateratako proposamen eta kezken jarraipena egin ahal izateko tresnak izango dira.Hurrengo urratsa herri-kontseilua eratzea izango da, hots, herri ikusmira izango duen foroa. Bertan auzo-kontseiluak ere izango dira ordezkatuak, baita gainerako foro sektorialak ere.
Funtsean herri-egitura bat sortzea eta politikoki legitimatzea da gure asmoa, erabaki ahalmen handia izango duena. Egitura horri behar duen sendotasuna emango diogu, denboran iraun dezan.
Aurrekontuak definitzea duzue hurrengo urratsa.
Aurrekontuen ereduari buelta bat eman diogu. Orain arte aurrekontuak batzuk ziren eta hortik partida bat ateratzen zen zeinari parte-hartzaile tituloa ematen zitzaion. Gure ustez aurrekontuen osotasuna izan behar da parte-hartzean oinarritua.
Horretan gaude. Auzo-asanbladetan ere hasi gara aurrekontuen praktika parte-hartzailea proposatzen.
Nola egingo dugu hori? Urtarrilean martxan jarriko den aurrekontua teknikoa izango dira, nolabait esatearren, Udalaren gastu finkoa eta inolako eztabaidarik behar ez duten partidak barne bilduko ditu. Bitartean, gainontzeko eztabaida hori herrira zabalduko dugu. Udaberrian, behin likidazioa eginda, prozesu parte-hartzaile horretatik definitutako proiektuak barne bilduko dituen bigarren aurrekontu bat osatuko dugu.
Zer indartuko dugun edo zer ez, abian dagoen ariketak definituko du. Guzti hau 2022an onartutako parte-hartze araudian oinarrituta dago. Araudi horrek jasotzen du aurrekontuen osotasunak parte-hartzailea izan behar duela. Orain arte aurrekontu partida osoaren %0,1 ziren “aurrekontu parte-hartzaileak” deiturikoak. Guk 25 milioi euroen gainean egin nahi dugu ariketa.
"Penaz hartu genuen EAJren jarrera alarmista. Soberan ezaguzten zuten Europako Funtsen kudeaketak ia ezinezko baldintzak ezartzen zituela"
Abasto Plazak sortu du udal-gobernu eta oposizioaren arteko lehenengo hika-mika.
Penaz hartu genuen EAJren jarrera alarmista. Soberan ezaguzten zuten Europako Funtsen kudeaketak ia ezinezko baldintzak ezartzen zituela. Ez dugu sentsazionalismoan erotzeko inolako asmorik, ez dugu eztabaida hori elikatuko.
Guk bideorri bat markatu genuen egoera iraultzeko. Oso interesgarria izaten ari da prozesua, oraindik ez dakigu zeintzuk izan diren ondorioak, baina interesa nabaria da merkatarien, lehenengo sektorearen eta herritarren artean, oso emankorra. Abasto Plazari balio erantsi bat emango dion prozesua izango da. Hau izango da plaza horrek bere nortasuna berreskuratzeko bidea.
Glavistaren egoera ere izan da aurtengo mugarrietako bat.
Lehenego sei hilabete hauek bete betean maraktu ditu Glavistako lan-gatazkak. Inbestidura plenoa ekainaren 17an ospatu genuen, 19an hasi ginen lanean eta San Juan garai horretan martxan hasi behar zuen lantegiak. Gure lehenengo astean apurtu zen akordioa.
Lehenik eta behin Udal bezala lan-gatazka honen aurrean mantendu beharreko posizioa zein izan behar zuen adostu genuen. Instituzio bat ginen heinean ulertu genuen eskura ditugun ate guztiak jo behar genituela, eta enpresa batzordearentzako informazio iturri jarraitu eta fidagarria izan behar ginela. Komitearen bidelagun izan behar ginen prozesu honetan. Glavistako lan-gatazkaren inguruko informazioa lortzea oso zaila izan da, kontzeptualki ere oso konplexua. Iruditzen zitzaigun jasotzen genuen informazio hori ahalik eta modu errealenean eta argienean trasladatu behar geniela langileei. Horretan ibili gara, ez da erraza izan, emozionalki ere oso gogorra izan da, eta izaten ari da.
Nolakoa aurreikusten duzue 2024a?
Mugarri desberdinak ditugu zehaztuta datorren urterako. Alde batetik, HAPOaren plan berriarekin jarraitzea izango da gure zereginetako bat. Honetan ere, bestelako ikusmira bat eskaini nahi dugu, prozesua herrira trasladatuz. Oso inportantea da herriak HAPO berriaren definizioan parte hartzea, etorkizunean zer nolako Laudio nahi dugun guztion artean zehazteko.
Bestetik, Kultur Etxearen obra amaituta, espazio berriaren kudeaketa nolakoa izango den zehaztea izango da ere urteko erronka. Beste espazio batzuen erabilera eta kudeaketa ere definitu beharko dugu daorren urtean: zahar egoitza zaharrarena edota etorkizuneko Antzokiarena. Azkenik, herritarrei parte-hartze espazioak zabaltzen jarraituko dugu. Udala laudioarren bidelagun dela sentiarazi nahi diegu.