David Hernandezen heriotza salatu eta osasun sistema publikoak bizi duen egoera konpontzeko neurriak eskatu ditu Omniak

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 18a, 12:40

Omniako kidea zen David Hernandez. / Aiaraldea.eus

Atsekabetuta mintzatu da Omnia David Hernandez kidearen heriotzaren ostean. Bermeak exijitu dituzte asteburuan Laudioko Osasun Zentroan gertatutakoa berriro ez errepikatzeko, eta larrialdi zerbitzuan uneoro mediku baten presentzia egotea aldarrikatu du.

Agerraldia eskaini du Omnia talde politikoak gaur goizean Laudioko udaletxeko udalbatza aretoan. Atsekabetuta eta saminduta hitz egin dute Omniako ordezkariek, asteburuan Osasun Zentroan zendu zen David Hernandez gogoan. Hain zuzen ere Omniako kidea zen Hernandez, eta azken hauteskunde kanpainan aktiboki parte hartu zuen talde munizipalista babesten. "Maitasun infinituaz gogoratuko dugu David", aldarrikatu du Alavaro Barrios Omniako bozeramaileak.

Asteburuan anbulatorioan gertatutakoak osasun sistema publikoaren "egoera larria" argitara atera duela adierazi dute gaurko agerraldian: "Aspalditik salatzen ari ginen zerbait zen, gertaera hau erabakigarria izan da laudioarrok behingoz egoeraren aurrean ekin dezagun".

"Beti pentsatu izan dugu Laudiok eta gure eskualdeak gehiago merezi zutela. Gure ibilbidea hasi genuenetik, eskualdeko ospitale baten beharra aldarrikatu dugu, biztanleen bolumena eta gure erreferentziazko ospitaleraino, Galdakaoraino, dagoen distantzia kontuan hartuta", azaldu du Barriosek. Azken urteetan, ordea, proiektu hori "deuseztatzeaz" gain, osasun sistema publikoaren kalitateak "nabarmen behera" egin duela salatu du talde munizipalistak. Osakidetzaren okertze horren adibide jarri dute itxaron-zerrenda luzeak edota larrialdietan medikurik ez egotea. "Medikurik gabe ez dago larrialdi-zerbitzurik", azpimarratu du Barriosek.

Osasun Saila gaur egungo egoeraren erantzule

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza jo dituzte gaur egun osasun sistemak bizi duen egoeraren erantzule. "Osakidetza da gure bizilagunen ongizaterako ezinbestekoa den baliabide bat kentzea erabaki duena. Are gehiago kontuan hartuta ospitaletik aldentzen gaituen distantzia erabakigarria izan daitekeela zenbait kasutan. Sistema berregituratu egin da, eta orain erizainen esku dgo, berez, ez dagokien erantzukizuna", azaldu du Alvaro Barriosek.

Erantzun bateratuaren beharra

Egoera hau eskualdeko beste herrietan ere gertatzen dela salatu du Omniak, eta 50.000 biztanleri eragiten diola azaldu dute. Hori dela eta aldarrikapen eta indarrak batzeko beharra "inoiz baino erabakigarriagoa" dela nabarmendu du Barriosek: "Gure mezua ozen eta argi entzun behar dute". 

Bide horretan egoera salatzeko deitutako mobilizazio eta ekintzetara batzeko gonbita luzatu die Omniak auzokide guztiei: "Haserre gaude. Laudiorentzat hain beharrezkoa den zerbitzu hau berrezartzea eskatzen dugu. Gure bizilagunen osasuna garrantzitsuegia da egoera hau denboran gehiago luzatu ahal izateko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide